Musika
Datorren uztailaren 24an
Bertan behera utzi du Toquinhok Donostiako Jazzaldiaren emanaldia
Erredakzioa
Artista brasildarra ez da Donostiako jazz jaialdian izango, aldez aurretik atzeratutako telebistako saio bat dela medio. Denbora faltaren ondorioz, antolatzaileek ez dute Toquinho ordezkatuko.
2010eko Donostiako Jazzaldia jaialdiaren egitarautik kanpo geratuko da azkenean Toquinho. Telebista saio baten grabaketak eragin du bertan behera uzte hau. Izan ere, ekainean grabazio hau ere bertan behera utzi zuen Toquinhoren faringitis batek. Saio hau burutzeko data berria bilatu dute eta datorren uztailaren 24ko asteburuan kokatu dute, Donostiako Jazzaldiaren data berdinean, hain justu. Bi konpromiso asteburu berdinean izanda, bien artean aukeratzera behartu du bere burua Toquinhok.
Jaialdiaren antolatzaileen hitzetan, musikari brasildarra "barka eske hasi da". Jazzaldia hasteko oso denbora gutxi falta denez, Toquinhoren lekua betetzeko beste artista bilatzeko astirik ez dute antolatzaileek. Hori dela eta, ez dute musikaria ordezkatuko eta egitarauan, bere tokia hutsik agertuko da. Dagoeneko sarrerak erosi dituzten lagunei dirua itzuliko dietela adierazi dute antolatzaileek.