Itxi

Musika

15 urte

'Rock-and-rollarekin lotutako guztiaren moda itxurakeria hutsa da'

Natxo Velez | eitb.eus

Hell Dorado Kultur Elkarteak hamabosgarren urteurrena ospatzen dihardu 2016an. Juan Uriarte Gasteizko rockzaleen elkarteko kidearekin hitz egin dugu horren jardueraz.

  • Sex Museumek ostiralean eta larunbatean, hilak 28 eta 29, joko du Hell Doradon, urteurrena dela eta.

    Sex Museumek ostiralean eta larunbatean, hilak 28 eta 29, joko du Hell Doradon, urteurrena dela eta.

Errealitateari aurre egiteko bi modu daude: edo horretara egokitu eta, etsia emanda, berarekin nahasten zara ?normaltasunaren? uholdearen mende, edo, aitzitik, errealitatea moldatzen, eraldatzen, saiatzen zara, olatuek aurpegian jo eta martxa gelditu arren ere, abant egiteko ahalegin osoz. Esan beharrik ez dago: bigarren talde horretakoak dira Hell Dorado gasteiztar taldeko kideak.

Rock-and-rollerako zaletasunak akuilatuta, Gasteizko hainbat gaztek otsoa belarrietatik hartu zuten 2001ean, Arabako hiriburuan kontzertu eskaintzarik ez zegoela ikusita, eta leiho bat zabaldu zioten gitarren distortsio hotsei eta bateria kolpe gogorrei.

Hamabost urte geroago, ez horren gazte baina rockzale sutsu oraindik ere eta eskaintza erabat errotuta duela, Hell Dorado kultura elkartea urtebetetzea ospatzen ari da, eta, asteburu honetan, ostiralean eta larunbatean, Sex Museum madrildarrek jarriko diote musika festari bi kontzertutan, lokalera egiten duten enegarren bisitan.

Juan Uriartek Hell Doradoren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egin digu.

Zein zen Gasteizen egoera 2001ean, Hell Dorado sortzea erabaki zenutenean? Zer beharrizan betetzeko jaio zen elkartea?

Garai hartan, hirian ez zegoen kontzertu aretorik. Taberna batzuek kontzertuak antolatzen zituzten eta gaztetxea ere bazegoen; besterik ez.

Hirira etortzen ez ziren taldeak ikusi nahi genituen, talde batzuk faltan botatzen genituen, eta, oro har, asteburu oro autoa hartu eta kanpora joan behar izaten ginen, gustuko genituen taldeak ikusteko. Horren aurrean, zerbait egitea erabaki genuen.

Willis Drummond Hell Dorado

Willis Drummond, Hell Doradon

Zein oztopo aurkitu zenuten elkartea abiatzeko? Erakundeen babesik izan zenuten? Eta orain, baduzue?

Ez genuen enpresa bat sortzeko aukerarik, ezta beharrezko eskakizun guztiak betetzen zituen merkataritza lokal bat irekitzeko diru nahikorik ere. Horregatik, irabazi asmorik gabeko (baina bizirauteko asmo beteko) kultur elkarte bat sortu genuen 2000. urtean. Urtebete geroago, lege eskakizun guztiak beteta, pabiloi bat alokairuan hartu, eta, apur-apurka, kontzertu areto bihurtu genuen, baliabide gutxirekin baina ilusioz gainezka.

Oztopo batzuk eduki genituen, hasieran: rock-and-rolla kultura ez zela esaten ziguten, ?txelo eta biolin kontzertuak egingo bazenituzte, bai? (hitzez hitz), eta legez kanpoko diskoteka bat ginela aurpegiratzen ziguten, nahiz eta kultur elkarte gisa jarduteko izan beharreko lizentzia bageneukan eta urtebetean 600 bazkidetik gora batu genituen.

Ez genuen erakundeen inolako babesik izan, eta orain arte ez dugu inoiz izan, azken urteetan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Euskal Herriko areto guztioi euskal taldeak kontratatzeko ematen digun diru-laguntza berezi bat izan ezik.

Egia esateko, ez dugu denbora askorik galdu eskean. Dirua zeukatenean, ez ziguten jaramonik egiten, eta, krisiarekin, aitzakia bikaina dute inori laguntzarik ez emateko. Gainera, kultura bakarra ulertzen dute, ofiziala eta beren interes edo lagunen araberakoa.

Nola funtzionatzen du elkarteak? Nola hartzen dituzue erabakiak?

Zortzi edo hamar laguneko talde bat egon da beti, eta elkartearen pisua eta erabakiak gure gain hartzen ditugu. Urteek aurrera egin ahala, batzuek utzi egin dute eta jende berria sartu da, gazteagoa gehienetan, eta gogo handia eta proiektu gehiago ekarri dituzte.

Bazkide gehienek ez dute kudeaketan zuzenean parte hartzen, erabakiak hartzeko prozesua eta ardura banaketa oso mantsoa izango bailitzateke horrela. Edozein proposamen egiteko atea zabalik dute beti, baina, gutxi-asko, babesten gaituen eta laguntzen digun armada dira, eta egiten dugun guztirako beherapen esklusiboak izaten dituzte.

Dictators NYC Hell Dorado

The Dictators NYC, Hell Doradon

Nolako harremana duzue Gasteizko musika taldeekin? Egungo eszenako zein talde nabarmenduko zenituzke?

Tira, hau sortu genuen guztiok Gasteizko taldeetan jo dugu edo jotzen dugu (The Allnighters, Obligaciones, Los Padrinos, S.A., Sumision City Blues, Los Gramones?), eta lankide gertuenetako askok ere bai? Azken finean, artistatxo zaharkitu eta galtzaileen talde bat gara (kar, kar).

Hiriko taldeekin harreman ona edo oso ona dugu, denok ezagutzen dugu elkar. Ez dut bat ere nabarmendu nahi, ez bailitzateke bidezkoa izango, baina talde on piloa dago hirian, eta oso estilo ezberdinetakoak.

Nola programatzen duzue Hell Doradon?

Plan interesgarria lortzen saiatzen gara, ekonomikoki bideragarria dena eta gure esku dagoena. Esku artean izaten ditugun aukeren artean aukeratzen ditugu taldeak, eta hainbat bide egoten dira: ekarri nahi ditugun taldeekin harremanetan jartzen gara, batzuetan; besteetan, agentzia, talde eta musikariek bere proposamenak helarazten dizkigute?

Horretan guztian oinarrituta eraikitzen dugu programazioa. Normalean, zalantzaren bat badago, programazioaren arduradunak izaten du azken hitza: nik neuk.

Raveneye Hell Dorado

RavenEye britainiarrak, Hell Doradon

Estiloari dagokionez, zein dira irizpideak Hell Doradon? Zerk mugatzen du ?rocka?, aretoaren eta elkartearen ardatza?

Gaur egun, irizpide nagusia kalitatea da, taldearen maila, musika proposamen interesgarria izatea, gure ustez, bai berritzailea delako bai proposamen klasikoa ondo egiten duelako.

Orain dela hiru urte, bertsio taldeekin lanik ez egitea erabaki genuen. Gure publikoa ez da rockeko publikoaren bertsio bat, eta ez dute merezi ez eurek, ez guk, ez omentzen duten taldeak, hau ez baita berbena bat. Hala ere, egon daitezke salbuespenak, dena delakoagatik nahi badugu.

Gaur egun, benetan zaila da rock-and-roll talde onak aurkitzea, batez ere Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan. Egia esan, maila ertain edo altuan zerbait interesgarria eskaintzen duten talde gutxi daude.

Rock-and-rolla hil egin da, haren esentzia hilda dago. Orotan bitxiena da rock-and-rollarekin lotutako guztia modan dagoela, baina itxurakeria hutsa da hori. Gehienek iparra galdu dute, eta beren bizitza osoan ez dute inoiz ganorazko gitarra ostia bat entzun.

Soul, R&B, garage, stoner eta power pop musikarekin askotan lan egiten dugu, baita proposamen zoro garaikideren batekin ere; inoiz ez dugu lan egiten, ordea, technoarekin, indiearekin, pop mengelarekin eta gisa horretako musikekin.

Slam & Howie Hell Dorado

Slam & Howie and the reserve men, Hell Doradon

15 urteren ostean, zer une gogoangarri gorde dituzue elkartearen artxibo sentimentalean?

Asko egon dira, ehunka, hamabost urte hauetan. Jende gehienarentzat ezezagunak diren talde izugarri batzuek pertsona gutxi batzuentzat jo dute hemen, eta musikari handiek zuten guztia eman dute agertoki gainean.

Nolanahi den, izen handiak nahiko dituzunez, ezin ditugu ahaztu Dick Dale, Sharon Jones & The Dap Kings, Cracker, The Pirates, Glen Matlock, Freed Wesley, The Bellrays, Andrew Williams, Tito & Tarantula eta beste asko eta askoren bisitak.