Itxi

Musika

The Boss

Bruce Springsteenen bisita hartu du bosgarrenez Donostiak

EITB.EUS

AEBetako musikaria Donostiara heldu da igande arratsalde honetan, hiri horretan, hain justu, kontzertua eskainiko baitu datorren asteartean Anoetako estadioan, The River Tour 2016 biraren barnean.

2:18

Bruce Springsteen AEBko abeslaria Donostian da dagoeneko, hiri horretan egindako bosgarren bisitan. The Boss igande arratsaldean heldu da Maria Cristina Hotelera. Furgonetatik jaitsi, emaztearekin batera, eta bertan bildutako zaleen beroa jaso du. Jarraitzaileak agurtu ditu, autografoak banatu,  argazkiak atera dizkiote. Geroago, hotelean sartu da. Litekeena da datozen orduetan turismoa egiten hiritik ikustea, edo Biarritzera abiatzea, aurrekoetan egin duen bezala.

Springsteenen jarraitzaileek hitzordua dute datorren asteartean, maiatzak 17, Anoeta estadioan, The River Tour 2016 Europako biraren bigarren kontzertuaz gozatu ahal izateko. Larunbat honetan Bartzelona astindu zuen The Bossek. Anoetan emanaldia eskaini ostean, Estatuko azken zuzenekoa Madrilen izango da, datorren maiatzaren 21ean.

Zerbitzu publikoa indartuko dute

Kontzertura joatekoak diren milaka pertsonen joan-etorria bermatzeko, Lurraldebus eta DBUS konpainiek autobusen zerbitzu publikoa indartuko dute. Gainera, Anoeta inguruan auto pilaketak ekiditeko, aparkaleku bereziak izango dira Miramongo parke teknologikoaren inguruan.

MAM-eko argazkia: springsteen-donostia_

Bruce Springsteen, Donostiara heldutakoan. Argazkia: EiTB

Kontzertuak grabatuko dituzte

Springsteenek hiru ordu eta erdiko emanaldia eskainiko du. Aurtengo kontzertuetan Prince artistaren 'Purple Rain' kanta abestu ohi du, hil berriko artistaren omenez.

Bestalde, bira honetako emanaldietan, The River Tour 1980ko birako kontzertu mitikoak ekarri nahi dituzte gogora The Bossek eta E Street Bandeko musikariek. Gainera, jarraitzaileek nahi duten kontzertuaren grabazioa erosi ahalko dute, euskarri digitalean edo CD formatuan.