Itxi

Musika

Jazza

Esperanza Spalding eta Uri Caine ere egongo dira Getxo Jazzen

eitb.eus

Baxu-jotzailea eta pianista berritzailea Bizkaiko udalerriko jaialdian izango dira. Sarrerak maiatzaren 2tik aurrera egongo dira salgai.

  •  “Emily’s D+Evolution” diskoa aurkeztuko du Esperanza Spaldingek Getxon

    “Emily’s D+Evolution” diskoa aurkeztuko du Esperanza Spaldingek Getxon

Getxoko 40. Jazzaldiaren saio nagusien eskaintza dagoeneko osatuta dago. Esperanza Spalding kontrabaxu- eta baxu-jotzailea eta Uri Caine pianista eta konpositorea, free jazzaren erakusleetako bat, jazzaldian arituko dira, Dee Dee Bridgewater, Hermeto Pascoal eta Jorge Pardoz gain, uztailaren 1etik 5era.

Esperanza Spalding (1984; Portland, AEB) oso gaztea zela abiatu zen musikan. Biolin ikasketak utzi zituen kontrabaxuarekin jarduteko, eta tresna horrekin trebezia handia erakutsi zuen hasiera-hasieratik..

2006an, 21 urte zituela, “Junjo” diskoa atera zuen, Francisco Mela eta Aruán Oritz musikari kubatarrek lagunduta. 2008. urtean, “Esperanza” kaleratu zuen eta horren ondoren “Chamber Music Society” (2010) eta “Radio Music Society” (2012) agertu ziren. Aurten “Emily’s D+Evolution” grabatu du eta lan hori izango da, hain zuzen ere, Getxon uztailean aurkeztuko duena.

Uri Caineri (1956; Philadelphia, AEB) jazz eszenaren berritzaile handienetarikoa da, eta musika klasikoaren, doinu elektronikoetan, melodia juduen eta kaleko erritmoen zipriztinez janzten ditu bere doinuak. 7 urte zituela hasi zen musika ikasten.

20 disko baino gehiago grabatu ditu, besteak beste Mahler, Wagner, Beethoven, Verdi, Bach eta Schuman konpositore klasikoen lanen desegituraketak. Getxon, Caine hirukotean jardungo da, John Hebert baxu-jotzaileak eta Ben Perowsky bateria-jotzaileak inguratuta.

Sarrera salmenta

Jazzaldirako sarreren salmenta maiatzaren 2an, astelehenean hasiko da, ohiko salmenta-guneetan: Kutxabankeko orotariko kutxazainetan, webgunean, Algortako Kultur Etxean eta 94 491 40 80 telefonoaren bidez (Kultur Etxea).