Musika
Jazzaldia
Jamie Cullum, Taj Mahal eta Cecile McLorin Gasteizen bueltan
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko jaialdiaren 40. edizioa egingo dute, uztailaren 12tik 16ra. Besteak beste, Dave Holland edo Pat Metheny ere pasatuko dira Mendizorrotzako agertokitik.
-
Cecile McLorinek itxiko du Jazzaldia, uztailaren 16an
Jamie Cullum, Taj Mahal gaitzizenaz ezagunagoa den Henry Fredericks eta beste hamaika musikari handi izango dira, 40. ekitaldian, Gasteizko Jazzaldiko protagonistak. Gainera, uztailaren 16an, Cecile McLorinek bisita egingo du berriz Arabako hiriburura, esate baterako.
Jaialdiaren antolatzaileek kartelaren aurrerapen bat iragarri dute gaur, ohar batean. Aurten, uztailaren 12tik 16ra entzungo dira jazz doinuak Arabako hiriburuko Mendizorrotza kiroldegian.
Jamiie Cullumek 19 urte zituela grabatu zuen bere lehen diskoa, eta 2009an abesti onenaren Urrezko Globorako izendatu zuten, Clint Eastwoodekin batera, “Gran Torino” filmerako egin zuen kantuarengatik. Bi Grammy sariren jabe den musikariak 2005ean jo zuen lehenengoz Gasteizen.
Uztailaren 15ean joko du aurten, Mendizorrotzan, Kenny Barron pianistak eta Dave Holland baxu-jotzaileak osatzen duten bikoaren ostean.
Bi egun lehenago, uztailaren 13an, Taj Mahal bluesman handiaren txanda izango da.
Ry Cooderrekin batera The Rising Sons taldean hasi zenetik, musika garaikidearen ordezkari handienetako askorekin aritu da, hala nola Eric Clapton, BB King, Miles Davis, Jimi Hendrix, Bob Dylan, Bob Marley eta Rolling Stones.
Jazz jaialdiari Cecile McLorinek emango dio amaiera, uztailaren 16an. “Woman Child” bere lehen diskoarekin, Grammy sarietarako izendatu zuten ahots gozoko abeslaria.
2013an ere aritu zen Gasteizko Jazzaldian, eta, antolatzaileen hitzetan, edizio osoko une gorenen protagonista izan zen. Wynton Marsalisek berekin batera kantatzera gonbidatu zuen, Jazz Lincoln Center Orchestrarekin emandako kontzertu batean.
Haren aurretik, nor eta Pat Matheny gitarrista eta Ron Carter baxu-jotzailea arituko dira, ibilbide oso azpimarragarriko musikariak biak.
Bryant Jonesek eta The Victory Gospel Singers bere taldeak abiatuko dute jaialdia, uztailaren 12an, eta uztailaren 14an Tom Harrell Quartetek eta Redman Quartetek joko dute.