Itxi

Musika

Urriak 7-14

Kraftwerk taldea, zortzi gauez Bilboko Guggenheimen

N.V. | eitb.eus

Musika elektronikoaren aitzindariek zortzi kontzertu emango dituzte Bilboko museoaren atrioan. Hiru dimentsioko efektuak erabiliko dituzte emanaldiotan.

  • By Miroslav Bolek (Own work) [CC BY-SA 3.0], via Wikimedia Commons

    By Miroslav Bolek (Own work) [CC BY-SA 3.0], via Wikimedia Commons

Guggenheim Bilbao Museoak Kraftwerk talde alemaniarraren zortzi kontzertu hartuko ditu 2016ko urriaren 7tik 14ra bitartean; horrela emango die hasiera museoak 20. urteurrenaren ospakizunei.

Musika elektronikoaren aitzindari den taldeak The Catalogue – 1 2 3 4 5 6 7 8 aurkeztuko du, zortzi gauek segidan, Atrioan. Emanaldi horietan, taldeak bere doinuak eta ikusizko esperimentazioa aurkeztuko ditu, ordena kronologikoan eta hiru dimentsioko efektuak baliatuz.

Kontzertuak

Kraftwerken zuzeneko kontzertuak “ikus-entzunezko emanaldien, soinu digital garbi-garbiaren eta hiru dimentsiotako proiekzioen sinkronizazio bikaina” dira, antolatzaileen arabera.

Soinua eta irudia uztartzen dituzten kontzertu horiek taldearen lau hamarkadetako ibilbidea eta tarte horretan egindako berrikuntza musikal eta teknologikoak agerian ipiniko dituzte. Gauero, argitaratutako ordenan interpretatuko dituzte orain arteko diskoak:

Autobahn (1974) – urriak 7

Radio-Activity (1975) –urriak 8

Trans Europe Express (1977) – urriak 9

The Man-Machine (1978) –urriak 10

Computer World (1981) – urriak 11

Techno Pop (1986) – urriak 12

The Mix (1991) – urriak 13

Tour de France (2003) – urriak 14

Sarrerak

Kontzertuetarako txartelak otsailaren 9ko 10:00etatik aurrera, izango dira salgai, 70 euroko prezioan, doctormusic.com eta ticketmaster.es webguneetan

Gehienez lau sarrera erosi ahalko dira lagun bakoitzeko, eta Kraftwerk taldeak eskatu du erosle bakoitzak kontzertu bakar baterako sarrerak bakarrik erosteko aukera izatea.

Kraftwerk

Kraftwerk musika elektronikoaren aitzindari izan zen, eta askotariko musika-generoetan eragina izan du, besteak beste, elektroan, hip hopean eta teknoan.