Musika
Urriaren 29tik aurrera
Placebo taldea Barakaldoko BIME Live jaialdian arituko da, udazkenean
Luzia Zugadi | eitb.com
Urriaren 29tik azaroaren 1era egingo dute jaialdia BEC! erakustazokan. Go Go Berlin, Dawn Landes, The Coup, My Sad Captains, Tania De Sousa eta Gose ere arituko dira bertan.
-
Concierto de Placebo en Hungria-4. Foto: EFE
BIME (Bizkaia International Music Experience) ekimenaren bigarren edizioaren datak (urriaren 29tik azaroaren 1era) iragarri ondoren, Live programazioko artisten lehen izenak jakinarazi dituzte gaur, eta Placebo izango da kartelburuetako bat.
Hirukote ingelesarekin batera, Go Go Berlin, Dawn Landes, The Coup, My Sad Captains, Tania De Sousa eta Gose dira jaialdiko zerrendan sartu diren taldeak. BIME Barakaldoko BECen egingo dute, Last Tour Internationalek antolatuta eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.
Placebok 2013ko irailean argitaratu zuen estudioko zazpigarren lana: Loud Like Love. 20 urteko ibilbidea ospatzen ari dira aurten. Guztira, 12 milioi disko saldu dituzte mundu osoan, 20 urte hauetan.
Horrez gain, Go Go Berlin taldea eta Dawn Landes folk-rock kantautore estatubatuarra ere BIME jaialdian izango dira, baita The Coup hip hop talde kaliforniarra kaliforniarra ere; taldeak ibilbide luzea egin du 1990eko hamarkadaren hasieran sortu zenetik. My Sad Captains Londresko folk-rock laukotea entzuteko aukera ere izango du publikoak.
Euskal musikari dagokionez, oraingoz, Tania De Sousa kantari gipuzkoarra eta Gose folk eta elektronika uztartzen dituen hirukote gipuzkoarra dira bertan ariko direla baieztatu duten lehendabizikoak.
Ekainaren 17an, BIME Liveko bi eguneko bonu berezia jarriko dute salgai, 49 euroko prezioan (+ banaketa gastuak). Eskaintza berezia uztailaren 7ra arte izango da eskuragarri.