Musika
Ekainean
Delorean, Corizonas eta Delafé Iruñean, Tres Sesenta jaialdian
L.Z.
Erredakzioa
Lori Meyers, The Gift eta Standstill ere arituko dira, ekainaren 13tik 15era bitartean Iruñeko Ziudadelan egingo den jaialdian.
Tres Sesenta Festival, Iruñean ekainean egingo duten jaialdia, aurkeztu dute gaur antolatzaileek, eta bertan arituko diren hainbat talderen izenak iragarri dituzte dagoeneko. Hain zuzen ere, The Gift, Lori Meyeres, Delorean, Delafé y las Flores Azules, Corizonas eta Standstill dira lehenengo iragarpenak. Jaialdia noiz egingo den ere jakinarazi dute: ekainaren 13tik 15era bitartean izango da aurtengo edizioa, Iruñeko Ziudadelan.
Antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, indie eremuko 20 taldek hartuko dute parte aurtengo jaialdian; zehazteke dauden 14 taldeak datozen asteetan jakinaraziko dira.
Emanaldi nagusiaz gain, beste hainbat jarduera ditu egitarauak. Tailerrak eta Tres Sesenta Street ekimena antolatu dituzte: jaialdiaren aurretik, hiriko hainbat aretotan kontzertuak izango dira, alegia. Bestalde, ekainaren 13an talde nafarren kontzertuak egingo dituzte. Gainera, pintxo eta ardo dastatzeak ere izango dira tartean.
Jaialdia aurkezteko eskainitako prentsaurrekoan Fermin Alonso Hezkuntza eta Kultura zinegotzi delegatuak nabarmendu duenez, iaz 13.000 lagun bildu zituen kontzertu sortak. Hala, ''helburuak bete, jendea erakarri eta sekulako arrakasta'' izan zuela azpimarratu du. Gainera, lekuaren egokitasuna goraipatu du, hiriaren erdigunean dagoela azalduz, eta, gainera, Iruñea kontzertuen zirkuituan bete-betean sartzen duela azpimarratuz.
Apirilaren 11 bitarte, eskaintza berezia jarri dute antolatzaileek eskura: 40 euroren truke (+ banaketa gastuak), 3 egunetarako bonua lor daiteke. Egun horretatik aurrera, 10 euro gehitu beharko zaizkio salneurriari, eta, lehiatilan, 55 eurotan (+ banaketa gastuak) izango dira eskuragai sarrerak.