Literatura
Onarpena
Leonard Cohenentzat, Letren Asturiasko Printzearen Saria
Erredakzioa
Arteen Asturiasko Printze sarirako hautagaitza ere jaso du aurten Kanadako poeta eta abeslariak.
Leonard Cohenek 2011ko Letren Asturiasko Printzearen Saria eskuratu du. 1934an jaio zen abeslari eta poeta kanadiarra eta aurten Arteen Printze sarirako hautagaia izan da, abeslari bezala egindako lanagatik. "Flowers to Hitler", "Let Us Compare Mythologies" edota "Parasites of Heaven" bezalako lanengatik da ezaguna, baina baita prosan egindako "The Favorite Game" lanagatik ere.
Epaimahaiak jakinarazi duenez, artista beteranoak mundu osoko hiru belaunalditan izan du influentzia "poesia eta musika bat eginez, balore aldagaitz batekin".
Beste finalistekin alderatuz -Alice Munro eta Ian McEwan-, Cohenen lanak "ez du balio literario bera", baina "aditu talde txiki batengana baino gehiago" helduko da, esan du epaimahaikide batek. Horrela, sariak "dibulgazio handiagoa" izango duela esan du.
Alice Munro kanadiarra eta Ian McEwan ingelesa izan dira 2011ko Letren Asturiasko Printze Sarirako finalistak, Cohenekin batera.
2009eko irailaren 17an Barakaldon aritu zen, Europa mailan egin zuen bira baten baitan. Artista garaikide garrantzitsuenetariko bat da Cohen, "Songs of Leonard Cohen" (1967), "Songs of Love and Hate" (1970) edo "I'm Your Man" (1990) bezalako lanei esker.