Literatura
Omenaldia
Jorge Cortes Izal eta Xabier Lete omendu ditu Euskaltzaindiak
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundian egin duten ekitaldian Patxi Zabaleta, Jose Angel Irigarai, Bernardo Atxaga eta Joxan Goikotxeak parte hartu dute.
Euskaltzaindiak Jorge Cortes eta Xabier Lete omendu ditu Gipuzkoako Foru Aldundian egin duen ageriko bilkuran. Patxi Zabaleta, Jose Angel Irigarai, Bernardo Atxaga eta Joxan Goikotxeak parte hartu dute ekitaldian.
Jorge Cortes Izalen omenezko txostena Patxi Zabaletak irakurri du. Cortes, Ikastolen mugimenduaren bultzatzaile handienetarikoa izan zen Nafarroan, etengabeko lan isila eginez. Euskalerria Irratiaren sortzaileetarikoa izan zen.
Xabier Leteren omenezkoa Jose Angel Irigaraik irakurri du. Idazle, poeta eta kantaria, Ez Dok Amairu taldeko kide izan zen. Bederatzi disko kaleratu zituen, eta zazpi olerki liburu, azkena Egunsentiaren Esku Izoztuak izenekoa.
Joxan Goikotxearen musikak lagunduta, Jose Angel Irigaraik eta Bernardo Atxagak Leteren poema batzuk irakurri dituzte.