Literatura
Saria
Vargas Llosa, 2010eko Literatura Nobel sariduna
Erredakzioa
"Botere estrukturen kartografia eta erresistentziaren irudiak, errebolta eta norbanakoaren porrota" eraikitzeagatik goraipatu du Suediako Akademiak.
Mario Vargas Llosa Peruko idazleak 2010eko Literatura Nobel Saria eskuratu du, Suediako Akademiak jakinarazi duenez. Princetonen zegoen idazlea, AEBetan, eta Akademiaren deia jaso du gaur goizean.&' || 'nbsp;
74 urteko idazlea goraipatu dute, "Botere estrukturen kartografia eta erresistentziaren irudiak, errebolta eta norbanakoaren porrota" eraikitzeagatik. Peter Englund Literatura Nobel Sariaren epaimahaiko presidenteak jakinarazi duenez, "hunkituta eta gogo handiz" dago idazlea.
Abenduaren 10ean jasoko du saria Vargas Llosak, Estokolmon eta, tradizioari jarraituz, sari guztien izenean egingo du hitzaldia, Bakearena kenduta (Oslon emango diote ekitaldi paralelo batean).
La ciudad y los perros (1962), La casa verde (1965), Pantaleón y las visitadoras (1973) eta La tía Julia y el escribidor (1977) lanen egileak 10 milioi suediar koroko diru-saria jasoko du, milioi bat euro.
El sueño del celta, bere azken eleberria, azaroan helduko da dendetara.
Europan bizi da 1958tik (Espainian, Ingalaterran, Frantzian), bere literatur-ibilbidea hasi zenetik eta 1993tik Espainiako herritartasuna ere badu. Latinoamerikako beste autorek egin duten bezala, politikan parte hartu du eta Peruko presidentziarako hautagai izan zen 1990an, Frente Democrático delako alderdiarekin. 1994an Cervantes saria eskuratu zuen eta urte bat lehenago, Planeta. Europako, Asiako eta Amerikako hainbat unibertsitateetan honoris causa izendatu dute.