Euskara
2020-2023 plana
Euskara lan munduan indartzeko plan bat onartu du Eusko Jaurlaritzak
eitb.eus
2023rako bete behar diren hamar helburu neurgarri ezartzen ditu Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plan berriak.
-
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eman du planaren berri
Eusko Jaurlaritzak Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana 2020-2023 aurkeztu du gaur, Gobernu Kontseiluaren ondoren, euskara lan-munduan, arlo publikoan zein pribatuan sustatzeko.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak azaldu duenez, lau helburu nagusi ditu egitasmoak: euskararen ezagutza lan-munduan indartzea, langileen erabilera bultzatzea, kontsumitzaileen eskubideak hobeto betetzea eta entitateen eta kontsumitzaileen aktibazioa sustatzea.
Horretarako, 10 “helmuga” zehaztu ditu 2023rako, adierazle zehatzen bidez neurgarriak direnak, esaterako: Lanbide Heziketan D eta B ereduan matrikulatzen diren ikasleen kopurua % 20 igotzea, enpresetako goi karguetan zuzendari euskaldunen kopurua % 20 igotzea, eskualde industrialetan euskara planen kopurua % 10 handitzea…
Neurri horien bidez, legedia, dirulaguntzak ziurtagiriak eta beste erabiliz, euskaraz hizkuntza paisaian, ingurune digitalean eta zerbitzu hizkuntza gisa duen pisua handitu nahi du Jaurlaritzak, eta bide horretan estrategikoak izan litezkeen eremu geografiko estrategikoak ezarri ditu: EAEko hiru hiriburuen eskualdeak (Bilbo Handia, Donostialdea eta Gasteizko ingurunea) eta Behe Bidasoa lehenik (EAEko establezimendu eta enpleguaren hiru laurden biltzen dituzte) eta Durangaldea Bizkaian eta Deba zein Oria ibaien arroak Gipuzkoan.