Itxi

Euskara

Urriak 4, 5, eta 6

Euskaltzaindia Arantzazura itzuliko da batuaren 50. urteurrenean

eitb.eus

Mendeurreneko ospakizunen barruan, nazioarteko biltzar bat antolatu du akademiak Oñatin. Euskararen etorkizuneko erronkak aztertuko dituzte bertan.

  • Amdres Urrutia euskaltzainburua eta Miriam Urkia euskaltzaina

    Amdres Urrutia euskaltzainburua eta Miriam Urkia euskaltzaina

1968ko urriaren 3an ezarri ziren euskara batuaren lehen oinarri sendoak, Arantzazun, Oñatin. Han finkatu ziren, besteak beste, euskara batuaren lehen arauak, hizkuntza idatzian erabili beharreko ortografia, morfologia, deklinabidea...

Data esanguratsu horren 50. urtemuga baliatuz, Euskaltzaindiak XVII. Biltzarra egingo du urriaren 4, 5 eta 6an Arantzazun. Nazioarteko biltzarra Arantzazuko Gandiaga Topaketa eta Batzarretarako Zentroan egingo da, eta 50 aditu bilduko ditu, “euskararen indarguneak eta ahuleziak identifikatu eta etorkizuneko erronkak aztertzeko”.

Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi duenez, “Mugarri bat izatea nahiko genuke. Batuaren 50. urteurrenean, gogotsu eta indartsu gaudela erakutsi nahi dugu, euskal gizartearekin batera eta euskal gizartearentzat lan egiteko gogoz. Eta horren adibide izango dira Arantzazun aurkeztuko ditugun baliabide linguistiko eta teknologiko berriak: Euskara Batuaren Eskuliburua eta Euskaltzaindiaren webgune berria”.

Sarrera doakoa izango da, eta jardunaldiak zuzenean jarraitu ahal izango dira Internet bidez.