Euskara
Sustapen kanpaina
Poziktibity: euskaraz, lotsarik eta beldurrik gabe
Erredakzioa
EiTBren lankidetzarekin egindako proiektu honek euskara "beldurrik eta konplexurik gabe" erabiltzera bultzatu nahi ditu herritarrak. Hainbat pertsona ezagunek lekukotasuna eman dute.
Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Maite Iturbe EiTBko zuzendariak eta Imanol Agirretxe Realeko eta Aritz Aduriz Athleticeko jokalariek Poziktibity euskararen erabilera sustatzea helburu duen proiektua aurkeztu dute.
'Poziktibity', "jarrera bat da", gaurkoan azaldu dutenez, "tonu bat, balore batzuk". Kanpainaren helburua jendea euskaraz hitz egitera animatzea da, lotsak, beldurrak eta segurtasunik ezak alde batera utziz.
Gizartean erreferente diren pertsonek sortutako elkarrizketez baliatu da 'Poziktibity'. Formatu ezberdinetan erakutsiko dituzte elkarrizketa horietan, elkarrizketako protagonistek euskararekin esparru ezberdinetan izan dituzten esperientziak kontatuko dituzte: familian, aisialdian, lanean...
Bideoan grabatutako elkarrizketak hiru lekutan zabalduko dira: kalean, hedabideetan eta, batez ere, Sarean, ekimenaren webgunean, zabalduko dira.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua den Cristina Uriartek esan duenez, "azken urteotan, esan eta esan ari gara geroz eta euskaldun gehiago garela, eta hala da. Hau erabat da poztekoa. Hala ere, euskararen ezagutza eta bere erabilera ez dira neurri berean hazi. Hori neurri batean normala da, baina hori da gu arduratu behar gaituena, eta arduratzen gaituena. Eta hor jarri behar ditugu orain gure indarrak".
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak erantsi duenez, "badira arrazoi asko hizkuntza bat edo beste bat erabiltzeko hautua egiten denean. Jendeak bere beldurrak, lotsak, konplexuak... ditu eta gauza normala da. Hemen sartzen da 'Poziktibity'. Hori da bere lekua. Proiektu honek beldurrik eta konplexurik gabeko euskararen erabilera bultzatzen du. Alegia, jendea animatzea da bilatzen duena. Euskararik txarrena egiten ez dena da".
EiTBrekin lankidetzan
Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiaren hitzetan, "euskara EITB sortzeko arrazoietako bat da. Arrazoi nagusia, esango nuke nik. Guk, aktualitatea, egunerokotasuna, informazioa, euskaraz bizi dugunez, gure helburua da geroz eta jende gehiagok eduki hauek euskaraz kontsumitzeko aukera zabala izatea. Eta kontsumitzea. Euskara hizkuntza bizia bada eta honela izaten jarraitzea nahi badugu, honegatik da garrantzitsua EITBk eskaintzen dituen edukietan euskarak presentzia eta protagonismoa izatea. Informazioa dela, entretenimendua dela, dibulgazio tarteak direla,.. denetan".
"'Poziktibityren' tonua gurea ere badenez, eta helburuetan erabat ados gaudenez, hasieratik ikusi genuen garbi proiektu honetan sartzea. Ez genuen inolako zalantzarik izan. Hau denontzako baita positiboa", adierazi du Iturbek.