Durangoko Azoka
Abenduak 5-9
Esne Beltza, Huntza eta Anestesia, Durangoko Azokako gaueko kontzertuetan
eitb.eus
Abenduaren 5etik 9ra, Plateruena aretoak hiru talde horien, Modus Operandi taldearen eta Olatz Salvadorren kontzertuak hartuko ditu.
Plateruena aretoak kontzertu handiak hartuko ditu gauero abenduaren 5etik 9ra arte, Durangoko Azokaren baitan. Aurten, Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz Salvador igoko dira kafe antzokiko agertokira.
Plateruenako egitaraua abenduaren 5ean hasiko da, Ikasle Egunean, Huntza taldearekin. Gipuzkoar taldea disko berria grabatzen ari da buru-belarri, eta prest izango du Durangoko Azokarako. Kontzertua 23:00etan hasiko da.
Bigarren egunean, abenduaren 6an, 23:00etan, Esne Beltzaren txanda iritsiko da. Xabi Solanok gidatzen duen taldea disko berria grabatzen ari da Mark Dasousa ekoizle valentziarrarekin (Zoo, Smoking Souls, Aspencat), eta Azokan zuzenekoa eskainiko dute berori aurkezteko.
Abenduaren 7an, Modus Operandi talde berriaren kontzertua izango da, 23:00etan. Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldeko abeslariaren proiektu berri honetan, Lauroba eta Vendetta taldeetako musikariak batu dira, ska musika eta fusioa lantzeko.
Hurrengo egunean, Anestesiak Gorrotoaren ahotsa diskoaren 25. urteurrena ospatuko du zuzenean. Kontzertua 23:00etan hasiko da, eta sarrerak dagoeneko eros daitezke, 10 euroko prezioan.
Azkenik, Azoka amaitzeko proposamen lasai eta intimoagoa izango dugu abenduaren 9an. Olatz Salvadorrek Zintzilik bere lehenengo disko arrakastatsua aurkeztuko du Durangon, 20:00etatik aurrera, sarrera doan dela.
Huntza, Esne Beltza eta Modus Operandi taldeen kontzertuetako sarrerak aurrerago egongo dira salgai.