Durangoko Azoka
Durangoko Azoka
Durango, munduen mundu
Natxo Velez | eitb.com
Literaturak sortzen dituen munduak, mikrokosmosak, Durangon, euskal sorkuntzaren makrokosmosean, zabalduko dira irakurleen begietara, errusiar panpinak bezala. Oparoa da aurtengo liburu zerrenda.
-
Durangoko Azoka, liburuzaleen paradisua. Argazkia: EiTB.
Durangoko Azoka argitaletxeek urte osoan kaleratutako lanen erakusleiho nagusia da. Igarobideetan zehar jarritako erakusmahaietan, ehunka liburu berri paratzen dituzte argitaletxeek: poesia, literatura, ikerlanak, hiztegiak... Liburuzaleen paradisua, Landako gunean lau egunez zabalduta.
Txalaparta argitaletxearen aurtengo emariak ikerketa lanak eta ilustrazioa ditu ardatz. "Aiztoa eta arkatza" lanean, Irati Jimenezek idazketaren inguruan han-hor-hemen eman diren aholkuak bildu eta euskaraz jarri ditu, eta Antton Olariagaren marrazkiek edertu dute lana. "Habiak" komikian (gaztelaniaz ere eskuratu ahal da), Maite Gurrutxagak adiskidetasunaren inguruko istorio hunkigarria aurkeztu du. Ilustrazioak pisu handia du, halaber, "Zurginaren ipuina" Iban Barrenetxearen liburuan. Bukatzeko, nafar argitaletxeak Joxe Austin Arrietaren ("Abuztuaren 15eko bazkalondoa", "Manu militari"...) azken bi saiakera lanak bildu ditu liburu bakarrean: euskal kulturgintza modernoaren transmisioari buruzkoa da bata, eta Txillardegiri buruzkoa bestea.
Irati Jimenezek idazketari buruzko aholkuak bildu ditu
Bestalde, gaztelaniazko ekoizpenari dagokionez, Txalapartaren eskaintzan fikziozkoak ez diren lanak gailentzen dira: "Jóvenes Burukides Bizkainos. Clientelismo y «fontanería» en el PNV" (Ahoztar Zelaieta), "El banquete. Expolio y desaparición de la CAN" (Patxi Zamora, Alberto Gil eta Aritz Intxusta) eta "50 fechas clave de la conquista de Navarra" (Joseba Asiron eta Martintxo Altxueta).
Susa argitaletxeak, haatik, fikzioari heldu dio, ohi bezala: narrazioak, eleberria eta poesia. Uxue Alberdik "Euli giro" plazaratu du, bederatzi narrazioz osatutako lana. Arrate Mardaras abadiñar idazleak ere narrazio laburrak batu ditu "Pendrive" debutean. Bestalde, Xabier Montoia ("Euskal Hiria sutan", "Baina bihotzak dio"...) "Azken afaria" eleberriarekin dator aurten Durangoko plazara. Azkenik, "Parisen bizi naiz" Koldo Izagirreren poesia liburua bereganatzeko aukera izango du Susaren erakusmahaira doanak. Halaber, laster argitaratzekoa den Munduko Poesia Kaierak bildumaren 0 zenbakia jaso ahalko du Susaren stand-ean ezer erosten duenak.
Udaberrian berandu ibili zirenek orduko argitalpenak erosteko parada izango dute, nola ez: "Kristalezko begi bat" Miren Agur Meaberen eleberria, "Alkarsoroko benta" Mikel Tabernaren eleberria eta "Elkartasun basatia" Oier Guillanen poesia bilduma.
Pamiela argitaletxeak eleberri berri bakarra aurkeztuko du Durangoko Azokan, baina ez nolanahikoa: "Nevadako egunak" Bernardo Atxagaren liburua, hain zuzen ere. Gainerakoan, musika eta literaturaren arteko dantzan, "3 L -Lauaxeta, Lizardi, Lete-" Anjel Lertxundi eta Antton Valverderen disko-liburua ere aterako du Pamielak. Horrez gain, saiakeraren arloan, "Hiztunpolisa. Euskaltasunaren norabideaz apunteak" Jon Sarasuaren ikerlana eta "Kaliforniakoak (1533-1848). Euskaldunen lanak Kaliforniaren esplorazio eta kolonizazio garaian" Asun Garikanoren liburua nabarmentzen dira. William Douglass Argizaiola saridunaren jardunarekin harremanetan dago azken horren gaia, gainera. Horiez gain, "Libertitzeaz" Antton Lukuren saiakera ere merkaturatu dute, baita "Trenen abiadura" Luis Garderen poema liburua ere.
Bernardo Atxagak "Nevadako egunak" aurkeztuko du
Haur literaturari dagokionez, "Gerrak ez du izenik" Leire Bilbao eta Maite Mutuberriaren lana ere egongo da Pamielaren erakusmahaietan, Etxepare saria merezi izan duen lana, baita "Txuntxurrun berdeko animalien kontakizunak" haur literaturaren arloan Euskadi saria irabazi duen egilearen, Xabier Olasoren, liburua ere. Gainera, etxeko gazteentzako beste liburu askoren itzulpenak eskuratu ahalko dira bertan.
Igelaren eskaintzan, lau itzulpen nabarmentzen dira: "Eros tren txinatar batean" Rene Depestre "poeta beti-gaztearen" lan umoretsua; "Litxarreroak" (Jim Thompson), lapur ziztrin baten istorioa; "Werther Gaztearen Arrangurak" (Goethe), maitasun erromantikotzat hartu denaren ernamuina izan zen eleberria; eta "Piztiak hil behar du" (Nicholas Blake) polizia eleberria.
Erein argitaletxeak makina bat produktu berri mahaigaineratuko ditu Durangon. Narratibari dagokionez, Lourdes Oñederraren lan berria ("Intemperies –Babes bila–"), eta Fermin Etxegoienen, Xabier Etxaniz Rojoren eta Eneko Aizpuruaren eleberriak nabarmentzen dira; halaber, "Obabakoak"en edizio berezia eta "Annabel" Kathleen Winter kanadarraren eleberriaren itzulpena ere izango dira. Poesia sailean, Luis Garderen eta Jabi Santa Kruzen bilduma berriak dira argitaletxearen apustuak.
Bestelakoan, gazteentzako eskaintza joria izango da, eta gaztelaniaz, "Martutene"ren (Ramon Saizarbitoria) itzulpena ez ezik, "Itahisa" Toti Martinez de Lezearen eleberria ere gailentzen da berritasunen zerrendan; bisitari askoren arreta bereganatuko du, seguru. Euskaraz ere egongo da salgai, poltsikoko formatuan.
Elkar argitaletxeak itzulera desiratu bat dakar, makina bat literaturazaleren gozamenerako: Joxan Artzek zazpi ataleko bilduma aterako du, aspaldiko partez, eta lehen bi aleak Durangon egongo dira irakurleen eskura. Gainera, "Adiskide bat nuen" (Joxean Agirre) eleberria, "Arma, tiro, bammm!" Joan Mari Irigoienek arma trafikoa gaitzat hartuta sortutako eleberria, "Gure Jerusalem galdua" Erresuma eta Fedea Aingeru Epaltzaren trilogiaren azken atala eta "Hobe isilik" Garbiñe Ubedaren fikziozko lehen lana ere egongo dira.
Halaber, "Hori da umorea, maisu!" Mo Yan Nobel saridunaren eleberriaren eta "Harrotasuna eta aurrejuzguak" Jane Austenen eleberriaren itzulpenak, eta "Sentitu, pentsatu, ekin!" Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ibilbidearen errepasoa aurkitu ahal izango ditugu.
Ttarttalo argitaletxeak haurrentzako liburuak aurkeztuko ditu nagusiki, itzulpenak batez ere, baina egongo da bestelako lanik ere: "Cronicas donostiarras", "El oso hormiguero de su majestad" eta "Manuela" eleberri historikoak, "Vascos en la guerra fría, ¿víctimas o complices?" ikerlana...
Gozalde Landabasoren aukeraketa
Radio Euskadiko lankide eta idazleak ("Branskint", "Korte bat, mesedez", "Jat") Durangoko erakusmahaietan aurkituko dugunari begiratu eta interesgarriena iruditu zaiona hautatu du:
IRATI JIMENEZ. "Aiztoa eta arkatza". Txalaparta.
Idazteko aholkuak ematen dituzte hamaika idazlek, tartean; Ray Bradburyk, Virginia Woolfek, Augusto Monterrosok edo, Charles Baudelairek edota Jorge Luis Borgesek. Harkaitz Canoren hitzaurrea eta Antton Olariagaren marrazkiak ditu.
BERNARDO ATXAGA. "Nevadako egunak" Pamiela.
Bernardo Atxagaren eleberri honek ikusmin handia sortu du. Renon egin zuen egonaldian idatzitakoa da. 2007ko abuztutik 2008ko ekainera arteko egonaldia izan zen eta bertan; bizi, sentitu eta pentsatu zituenak agertu ditu lan honetan.
UXUE ALBERDI "Euli giro". Susa.
Bederatzi ipuinetako liburua kaleratu du Uxue Alberdik eta desoseguan girotu nahi izan ditu. Patxada bizian idatzitako ipuin liburua izan da, baina egileak aitortu duenez inoiz baino ilunago gelditu zaizkio ipuinok. Eta bai, badute iluntasunetik, baina benetan interesgarriak gelditu zaizkio ipuinok Uxue Alberdiri.
MAITE GURRUTXAGA-DEJABU PANPIN LABORATEGIA. "Habiak" Txalaparta.
Noiz hasten da liburu bat artelan izaten? Hauxe da komiki hau esku artean pentsatu duguna. Ximun eta Selmaren istorioa, elkar komunikatzen ikasten duten persona biren istorioa da. Istorio xarmantgarria, izugarri ederra. Samurtasunetik asko duena. Txiri-txiri hizkuntza berdina hitz egiten ez duten gizaki biren topaketaren berri ematen digu.
JOXAN ARTZE. "Bizitzaren atea dukegu heriotza" eta "heriotzaren ataria dugu bizitza". Elkar.
Joxan Artzeren itzulera bikoitza liluragarria da. Poesia ekarpen eder bezain oparoa egiten du idazleak.Bizitzarik eta heriotzarik du. Pozatik eta minetik. Ohiko maisutasunez idatziak dira poema liburuok.
PATXI HUARTE "ZALDIEROA". "De rerum natura 5" Elkar.
Eguneroko irakurketa du askok Berria egunkarian Zaldieroaren marrazki-tirak. Horien bilduma egiten jarraitu du marrazkilariak. Bostgarren honetan pertsonaia ohikoak ageri dira, egunerokotasunarekin eta gaurkotasunarekin lotutakoak. Poesiarako, baina, lekua dago. Zaldieroaren azken urte biotako lanaren laburpena batu dute bostgarren edizio honetan.
BATZUK: " Pop-pilulak". Autoprodukzioa
Fanzine berria da. Poparen ikuspegitik kulturaren adar guztiak jorratu nahi dituzte. Koldo Almandoz, Beñat Sarasola edo Xabier Montoia dira kolaboratzaileetako batzuk. Julen Azpitarte da zuzendaria, eta gauzak ondo, udaberrirako bigarren zenbakia kaleratuko dute. "Entzun!" aldizkariaren saltokian izango da salgai.