Bertsolaritza
Txapelketa Nagusia
Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen lehen itzuliko azken saioa, gaur Durangon
N. V. | EITB Media
Aitor Bizkarrak, Aitor Mendiluzek, Beñat Gaztelumendik, Eñaut Martikorenak, Julio Sotok eta Saioa Alkaizak parte hartuko dute saio horretan, 17:00etatik aurrera. Eitb.eus-ek eta ETB4k zuzenean eskainiko dute emanaldia.
-
Saioa Alkaizak kantatuko du Durangon, besteak beste. Argazkia: Efe.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren finalaurrekoa jokatuko da gaur Durangon, Landako gunean, lehen itzuliko azkena. Saio hori bukatutakoan, beraz, jakingo da zein hamazortzi bertsolarik kantatuko duten finalaurrekoen bigarren itzuliko hiru saioetan, Amurrion (azaroak 19), Baionan (azaroak 26) eta Bilbon (abenduak 3).
Kontuan izan behar da finalaurrekoen lehenengo eta bigarren faseko puntuak gehituko direla finalera zeintzuk pasatuko diren erabakitzeko orduan.
Durangon, kantuan ariko dira Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Mendiluze Gonzalez, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia eta Saioa Alkaiza Guallar.
Durangoko sarrerak eskuragai daude, eta eitb.eus-en eta ETB4n ere ikusi ahalko da saioa.
Lehen itzuli osoan bezala, hurrengo lanak egin beharko dituzte bertsolariek:
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte (ariketa honek hiru bertsoren balioa izango du).
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.