Itxi

Bertsolaritza

BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA

Zortzi betsolari, zortzi bertsokera

EITB.EUS

Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Unai Agirre eta Aitor Mendiluze arituko dira nor baino nor txapelaren bila.

  • Bertsolari Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak. Argazkia: EiTB

    Bertsolari Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak. Argazkia: EiTB

Aitor Mendiluze

Mendiluze Andoainen jaio zen 1975ean. Ingeniaritza ikasketak egiten aritua da eta Gizarte Heziketan diplomatua da. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko langilea da, herrialdeko koordinatzaile eta eragile gisa hasieran eta irakasle moduan gaur egun.

Euskal prentsan kolaborazio batzuk egin izan ditu. Horrez gain, zenbait musika talderentzat letrak egin izan ditu.

Eskolan izan zuen lehen harremana bertsoekin, gazte-gaztea zela. Gero, Hernaniko Bertso eskolan hasi zen, eta Andoaingoan ere bai aurrerago. 1995ean, 20 urterekin, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen.

Hortik aurrera, goi mailako bertsogintzan leku egiten hasi zen, eta geroztik bertsogintza izan du jardun nagusietakoa, eta gaur egun ere hala du.

2001, 2005, 2009 eta 2013ko Txapelketa Nagusietan azken saiora iritsi zen, eta baita 1995, 2003 eta 2007ko Gipuzkoako Txapelketatako azken saiora ere. 2007an bigarrenez irabazi zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa.

 

 

Aitor Sarriegi

Sarriegi Beasainen jaio zen 1976an. Informatikan Ingeniaria da ikasketaz eta Urretxu-Zumarraga ikastolan IKT dinamizatzaile eta irakasle bezala lan egiten du.

Gipuzkoako finalista izan da bi aldiz eta txapeldun 2011an. Txapelketa Nagusian hiru aldiz geratu da finalerdietan eta azken bietan finalista izan da.

 

 

Amets Arzallus

Jexux Arzallus bertsolari goiaztarraren semea. Hendaiarra da, eta batera eta bestera bizi arren, gehienean Hendaia inguruan pausatzen da. Etxean bertso giroa zegoen, eta txikitatik hasi zen kantuan. Ikastolan Hendaian hasi zen, eta lagun koadrila txikitatik osatu zuten.

Nahiz iparraldekoa izan hegoaldearekin lotura estua izan du beti. Ikasketak Seaskako ikastoletan egin ondotik Leioara joan zen kazetaritza ikastera. Orain, 2013ko Txapelketa nagusiko txapeldunak nagusiki bertsotan segitzen du, eta tartean behin kazetaritza edo idazte lanetan.

 

 

Beñat Gaztelumendi

Donostiako Añorga auzokoa da Beñat. Donostiako San Tomas Lizeoan Batxilergo ikasketak bukatu eta Leioan Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi ondoren kazetari lanetan aritzen da egun.

Beti izan da bertsozalea, eta Igeldoko, Hernaniko eta Santutxuko bertso eskoletan ibilia da. Eskolartekoetan eta gazte sariketetan sari asko irabazia da. Hamaika Bertute ekimeneko partaide izana.

 

 

Igor Elortza

Durangon jaio zen, 1975ean, eta kale-giroan hazi da, jatorri baserritarreko langile familia batean: tornularia zen aita eta euskara irakaslea ama. Umetan ikasi zuen bertsotan: Kurutziaga ikastolan Jon Lopategirekin eta Durangoko bertso eskolan Santi Belarrekin.

Eskolarteko txapelketetan nabarmendu ondoren, oso gazterik hasi zen helduekin ere lehian eta plazan. 1991tik hasita, hiru hamarkadatan beste hainbeste belaunalditako bertsolariekin jardun du.

Artearen zaletasunetik eta gizarte-gaiekiko kezkatik bizi du sorkuntza, eta bertsogintza berritu duten egitasmoetan ez ezik bestelako adierazpide batzuetan ere jardun du lanean: bertso doinu berriak, bertso-musika taldeak, bertsotramak, antzerki eta telebista gidoigintza, gazte literatura, artikulugintza, publizitatea, markagintza... Bi mila saiotik gora egin ditu honezkero, bost bider izan da Bizkaiko txapeldun eta Euskal Herriko hiru finaletan lehiatu da.

Kultur eragiletzan ere jarduten da: Bertsozale Elkarteko eta Plateruena Durangoko kafe antzokiko zuzendaritza-kide izan da, eta Euskal Herri mailako zein tokiko talde eta elkarte ugarirekin elkarlanean ere hainbat egitasmotan hartu du parte

Ingeniaritza Teknikoa Topografian titulua atera zuen EHUn, Euskal Kulturaren Transmisioa graduondokoa egin zuen MUn eta Enpresa eta Erakundeen Komunikazio Zuzendaritza masterra UABn.

 

 

Maialen Lujanbio

Lujanbio Hernanin jaio zen 1976an. Arte ederretan lizentziaduna. Bertsolaria afizioz eta ofizioz.

Bertsotan ikastolako bertso-eskolan hasi zen. Eskolarteko txapelketetan parte hartu zuen urteetan, eta haien bidez murgildu zen pixkanaka bertso-munduan. 15 urterekin ekin zion plazaz-plazako ibiliari, bere belanaldiko beste zenbait bertsolari gazterekin bateratsu.

2003. urtean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen eta lautan lortu du Txapelketa Nagusiko azken saiorako sailkatzea, 1997an, 2001ean (urte horretan txapeldunorde izan zen) eta 2005ean. 2009ko Txapelketa Nagusiko txapelduna da.

Bere bat-bateko bertsokera landu eta garatzeaz gainera, bertsotik abiatutako bestelako sorkuntza ariketak ere abiatu izan ditu Maialen Lujanbiok: 2006etik 2011ra Ornitorrinkus proiektua ondu zuen Judith Montero eta Xabier Erkiziarekin. Musika esperimentala, hotsak eta hitzak bat eginez, "Ornitorrinkus" diska-liburua eman zuten argitara.

2011ean "Txori Mugariak" irrati performancea sortu zuen Xabier Erkiziarekin; eta 2013eko udan, "Hegi, Egia, Egiak" proiektua aurkeztu zuten Erkizia eta Lujanbiok.

 

 

 

Sustrai Colina

1982ko urriaren 20an, Urruñan, sortua da Sustrai Colina. Baionako unibertsitatean zuzenbidean lizentziatua da. 2001eko, 2005eko, 2009ko eta 2013ko txapelketa nagusietan finalista izan da eta 2014ko eta 2016ko Xilabako txapelak jantzi ditu.

Hendaiako bertso eskolan eman zituen lehen urratsak. Berantago, irakasle izan bertan.

Gaur egun, bertsogintzaz gain, kazetaritza lanetan dihardu batez ere. 2016an, Rikardo Arregi Kazetaritza saria irabazi zuen ARGIA aldizkarian egindako elkarrizketengatik.

 

 

 

Unai Agirre

Agirre Hernanin jaio zen 1975ean. Euskal Sagardoa Jatorri Deituran egiten du lan; aurretik Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean aritu zen lanean eta baita Gipuzkoako Bertsozale Elkartean ere, Herri Arteko Bertsolari Txapelketako antolakuntzan.

Bertsotan Juanjo Uriarekin hasi zen Langile ikastolan, hamar bat urterekin, eta beste berrogeiren bat lagunekin batera. Geroztik, Eskolarteko txapelketetan, gazteen txapelketetan eta abarretan ibili izan da, adin horretako bertsolari gehientsuenak bezala.

Bertsolari gazteentzako Lizardi sariketa bi urtean irabazia du eta behin Orixe sariketa. 1997, 2001 eta 2013ko Txapelketa Nagusietan finalaurrekoetan kantatu du. Azken hiru Gipuzkoako txapelketetan, 2007, 2011 eta 2015ean, finalista izan da. Hernaniko Bertso Eskolako kidea da.

 

 

 

ITURRIA: Bertsolaritzaren datu-basea