Bertsolaritza
Euskal Herrriko finala
eitb.com-eko zozketako irabazleek eskuratu dituzte BECerako sarrerak
Eider Garaikoetxea | eitb.com
Antton Aranburu eta Cris Laguna erabiltzaileei egokitu zitzaizkien finalerako zozkatzen genituen bi sarrera bikoitzak. Gaur EiTBra etorri dira euren saria jasotzen.
-
Cris Laguna eta Antton Aranburu saridunak EiTBn.
"Oso pozik", "ilusio handiarekin", "kriston pozarekin"... hala daudela esan digute Antton Aranburu eta Cris Laguna erabiltzaileak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako sarrera bikoitzak eskuan dituztela.
eitb.com-ek zozketa abiatu zuen EITB Kulturak Twitterren eta Facebooken dituen kontuetan. Erabiltzaileek 2009ko finalaren oroitzapenen bat partekatu behar zuten. Hala egin zuten 260 lagunek, eta hara non, Laguna eta Aranburu izan ziren saridunak. Gaur, finalerako hiru egun falta diren honetan, sarrerok jasotzera etorri dira EiTBk Bilbon eta Donostian dituen egoitzetara. Antton Aranburu usurbildarra Miramongo egoitzara joan da goizean; Cris Laguna laudioarrak Bilbokoa hautatu du, bazkalorduan.
Biek ala biek sarrera lortzeko itxaropenik ez zutela aitortu digute: "Sorpresaz harrapatu ninduen sarrerak agortu zirela jakiteak, eta prest nengoen mendira joan eta finala ez ikusteko. Horrenbesteko pena hartu nuen ezen...", esan digu Antton Aranburuk. Cris Lagunak, eitb.com-en zozketan ez ezik, beste bitan ere zuen izena emanda: "Ez batean ez bestean ez nuen zorterik izan eta begira, hirugarrenean... nireak dira sarrerak!!", kontatu digu irribarrea ahoan.
Oholtza gainean zortzi finalistak bertatik bertara ikusteko desiratzen daudela azaldu digute biek. "Ilusioa handiarekin nago, gogotsu, gainera, sarrerak horrela etorrita ilusio gehiago ematen du", agertu digu Aranburuk. Lagunak ere, antzera: "Aurrekoan telebistaz ikusi nuen finala, igandekoa nire lehen aldia izango da". Plana eginda dute biek: Aranburu neska lagunarekin hurbilduko da BECera, jada sarrera zuten familiako eta koadrilakoekin batera. Cris Laguna laudioarrak, berriz, lagun bati oparitu dio Barakaldon egoteko aukera.
Txapela janzteko faboritoez galdetuta, bi saridunak ez dira ados ipini. Lagunak Maialen Lujanbiok errepikatzea nahiko luke; Aranburuk, Amets Arzallusek irabaztea. Usurbildarrak, ordea, beste bat ikusi nahiko luke txapelarekin: "Beñat Gaztelumendi, ezaguna dut, gaztea da", azaldu digu.
2013ko Bertsolaritza finalaren irabazlea nor den igandean argituko da, eta han izango dira Aranburu eta Laguna erabiltzaileak, eitb.com-en eskutik, bertsolaritzaren une gogoangarriaz bertatik bertara gozatzen.