Itxi

Artea

Sariak

Gure Artea sariak, Dario Urzay, Damaris Pan eta Peio Aguirrerentzat

N. V. | EITB Media

Urzay bere ibilbide artistikoagatik saritu dute, Panek sorkuntza lana aitortzeko saria jasoko du eta Peio Aguirrek arte plastikoen eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria jasoko du

1:14
Sarituak. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Epaimahaiak hala erabakita, artista hauek jasoko dituzte aurten Gure Artea sariak:  Dario Urzayk Ibilbide Artistikoa Aitortzeko Saria jasoko du, Damaris Panek Sorkuntza Lana Aitortzeko Saria eta Peio Aguirrek Arte Plastikoen eta Ikusizko Arloan Agenteek Egindako Lana Aitortzeko Saria.

Epaimahaia Alicia Fernandezek, Pello Irazuk, Ion Munduatek, Mikel Onandiak eta Jone Alaitz Uriartek osatu dute, irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria izango du eta udazkenean egingo dute sariok emateko ekitaldi ofiziala.

Dario Urzay artista bilbotarrak 40 urte baino gehiagoko ibilbide profesionala egin du arteetan, eta, epaimahaiaren hitzetan, "esperimentazioari irekita, azaleren plastika eta horretarako teknikak ikertzen ditu bere artelanetan, inprimaketa fotografikoak, erretxinak eta bernizak baliatuz, pintura esploratzen du, mikrotik hasi eta makroraino, biologikotik geologikoraino, irudiaren eta prozeduraren arteko interakzioaren problematikari jarraipena emanez, ikuslearen begirada inoiz ere ahaztu gabe, obra artistikoaren eraketaren funtsezko elementua den neurrian". 

Damaris Pan mallabitarrak lan artistikoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaskuntza-lana uztartzen ditu. Epaimahaiak azaldu duenez, Damaris Panen obra piktorikoa "pausatua da, planoak eta koloreak gainjartzeagatik berezia,  eta umoretsua delako, itxurazko presentzia biluziaren atzean bere konplexutasun osoa ezkutatuz. Damaris Panek ihes egiten dio errepresentazio-asmoari, beste errealitate berrien bila ateratzeko".  

Azkenik, Peio Aguirre elorriar idazle, arte-kritikari, editore eta erakusketen koordinatzaile independenteari buruz, epaimahaiak nabarmendu du eragile bitartekari eta testuinguru-sortzaile lanetan eta euskal artisten sarea eratzen, garatzen eta balioztatzen egin duen lana.