Artea
Saila
Baselitz ironiko eta apurtzaileena, Guggenheimen
Museoak erosi berri duen sail baten parte diren 16 lan dira, "Lenin andrea eta urretxindorra" izenpean.
Georg Baselitz artistaren "Lenin andrea eta urretxindorra" koadro saila jarri du erakusgai Bilboko Guggemheim museoak. Izan ere, datorren astean museoaren fondoetako obrekin osatutako “Bilbao Bildumaren aukeraketak II” erakusketa zabalduko da, eta sail hau bertan egongo da erakusgai.
16 margolan dira guztira, eta artista bera egon da gaur Bilbon saila aurkezteko.
Bilboko guggemheim museoa zabaldu baino urte bete lehenago etorri zen aurrenekoz Georg Baselitz Bilbora, egun gris, euritsu eta desatsegin batean, dioenez, eta "sekula santan" koadrorik bertan erakusgai ez zuela jarriko esan zuen. Iaz itzuli zen berriro, eta erabat harriturik geratu zela aitortu du, ikaragarri gustatu zaiolako Bilbo eta museoa. Horregatik onartu zuen bere sail garrantzitsuenetako bat Bilboko Guggenheim museoaren eskuetan geratzea, eta iaz erosi zuen museoak "Lenin andrea eta urretxindorra" seriea, bihartik aurrera erakusgai egongo dena.
2008an egindako 16 koadroz osatuta dago seriea. Guztietan bi gizon ageri dira elkarren ondoan buruz behera etzanda, zakila agerian dutela eta eskuak izterren gainean. Otto Dixen artistaren "Gurasoak" erretratuan oinarritu baitzen, eta baita Lenin eta Stalin ageri zen fotomuntaia batean ere, Baselitzek 18 urte bitarte eskola liburu guztietan ikusi baitzuen argazki hori, eta ordura arte bere heroiak ziren. George Baselitz Alemania zatikatuan, Ekialdeko Alemanian hazi baitzen, horregatik, seriaren izenburuan: Lenin andrea dio, mozorratzeko zuen ohituragatik, eta urretxindorra Stalingatik, abesteko zuen ohituragatik. Kritika ere egiteko, noski, ohikoa duenez.
Baina, konposizio hori behin eta berriro errepikatzen bada ere, izenburu oso ezberdinak dituzte, maiz artista ezagunei erreferentzia eginez, artistak dioenez.
"Artisten izen propioak ageri dira izenburuetan, nire garaiko eta lotura eduki dudan artistenak", esan du. Horregatik, izenburuak harridura ikurrak bezalakoak dira, arreta deitzeko. "Garai horretan nuen pentsamenduari erreferentzia egiteko", artistak dioenez.
Dena den, konposizioz antzekoak badira ere, oso modu ezberdinean daude pintatuta,16tik zortzi zuri-beltzean eginda daude, fondo beltza oinarri, eta besteak aldiz, fondo zuriaren gainean kolore ugariz. Gainera, teknikak denetarikoak dira, pintzelkada oso lodiak, margoa lientzoaren gainean zuzenea jaurkiz, koadroak margotzeko lurrean kokatzen baititu Baselitzek, eta zatika pintatu.
Beti zer edo zer berria bila aritzen dela dio alemaniarrak eta koadroei bira ematen die inguruarekin deslotuz, edota eskuekin ere aritu izan da zuzenean lanean, hasieratik garbi izan baitzuen pinturaren aldeko apustua, orduko “Pintura hilda zegoela” zioen diskurtsoaren kontra. Horregatik ere, dioenez, bera baino gazteagoa den artista baten lana ematen du seriak.
Georg Baselitz Bilboko Guggemheim museoan "Lenin andrea eta urretxindorra" seriarekin, bihartik abuztua bitarte.