Itxi

Artea

Urtarriletik dago itxita

Chillida-Leku udaberrian ireki nahi dute Jaurlaritzak eta Aldundiak

Erredakzioa

Erakundeetako ordezkariak artistaren familiarekin batzartu dira asteazken honetan. Hitzarmen baten bidez museoaren finantzaketan parte hartzeko proposamen ireki bat egin diete chillidatarrei.

  • Chillida-Leku udaberrian ireki nahi dute Jaurlaritzak eta Aldundiak. Argazkia: EITB

2012ko udaberrian Chillida-Leku berriz irekita ikusteko helburua helarazi diote asteazken honetan Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskultorearen familiari.

Bi erakundeek ohar batean jakitera eman dutenez, Blanca Urgell Kultura sailburua eta Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua Eduardo Chillida artistaren senideekin bildu dira asteazken honetan, Chillida-Lekuren egoera elkarrekin aztertzeko.

Batzar horretan, erakundeetako ordezkariek familiari azaldu diote une honetan jabetza hartzea ezinezkoa dela. Halaber, chillidatarrei berretsi diete beren helburua museoa berriz irekita ikustea dela, ahal dela 2012ko udaberrian. Asmo honekin, hitzarmen baten bidez museoaren finantzaketan parte hartzeko proposamen ireki bat egin diote familiari.

Lanean jarraitzeko eta denen adostasuna biltzeko moduko irtenbide bat bilatzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek.