Artea
Bilbo
Guggenheim Museoak egun dituen lau erakusketak uda amaituta ere izango ditu
Agentziak | Erredakzioa
2020ko azken hiruhilekoan, Lee Krasnerri eta Kandinskyri eskainitako aurkezpenak iritsiko dira.
-
Guggenheim Museoa, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Bilboko Guggenheim Museoak egun dituen lau erakusketak uda amaituta ere izango dira bertan, asteazken honetan jakinarazi dutenez. Halaber, 2020ko azken hiruhilekoan, Lee Krasnerri eta Kandinskyri eskainitako aurkezpenak iritsiko dira museora.
Museoaren Fundazioko patronatuak bilera egin du arratsaldean Bilbon, koronabirusak kontuetan eta erakusketetan izandako eragina aztertzea helburu. Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariak azaldu duenez, urteko lehen bost hilabeteotako emaitzetako eragina oso handia izan da: martxoaren 14ra arte, bisitarien kopurua aurreikusitakoaren % 20 zen, 128.242 lagun, baina museoak, halabeharrez itxita, murriztu behar izan ditu gastuak, bai eta programazioa berraztertu ere.
Otsailean eta martxoan, lau erakusketa inauguratu zituzten: "Olafur Eliasson: bizitza errealean"; "Richard Artschwager", "Lygia Clark. Pintura eremu esperimental gisa, 1948-1958"; eta "William Kentridge: 7 Atal", hain zuzen ere. Museoak berrantolatu egin ditu, eta luzatu; gutxienez uda amaituta ere, Guggenheim Museoan jarraituko dute.
Halaber, azken hiruhileko erakusketa-egutegian Lee Krasnerri eta Kandinskyri eskainitako aurkezpenak sartu dira.
2021erako aurreikuspenak
Horrez gain, 2021eko erakusketekin dabiltza lanean; besteak beste, hurrengoak izango dira: XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako euskal artisten pintura-erakusketa bat, 20ko hamarkadako "urte eroetako" arte-ikuspegien gaineko aurkezpena (2020ko amaierarako zegoen aurreikusita hori), emakume artistek abstrakzio-lengoaiarako egindako ekarpenaren gaineko erakusketa bat, eta Alice Neel margolariaren erretratu adierazgarriei eskainitakoa.
Horietaz gain, Alex Reynolds, Cecilia Bengolea eta Fischli & Weissen bideoinstalazioak ere izango dira; horiek Film & Video aretoko programazioa indartuko dute.
Gainera, Guggenheim Museoak onartu egin du jasotzea, maileguan, "Neoizko egitura Milango Bederatzigarren Trienalerako (Structura al neon per la IX Triennale di Milano)" Lucio Fontanaren artelana. Hori museoak Fontanari 2019an eskainitako erakusketan egon zen ikusgai.