Itxi

Artea

‘Ukitzeko artea’

Ikusmen urriko pertsonentzat egokitutako koadroak, Bizkaiko eskoletan

Agentziak | Erredakzioa

“Ukitzeko artea” Arte Ederren Bilboko Museoaren programa 25 ikastetxetara iritsiko da.

1:04

“Ukitzeko artea” Bilboko Arte Ederren Museoak ikusteko urritasuna duten pertsonei eskainitako irisgarritasun programa, munduan aitzindaria dena, Bizkaiko 25 ikastetxe bisitatuko ditu bihartik, urriak 30, martxoaren 30era arte. Hiru dimentsioko koadro erliebedunak sortzen aitzindaria da Bilboko erakusketa zentroa.

Maria Victoria Antoñanzas Museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saileko buruak azaldu duenez, ekimen honen helburu nagusia da ukimenaren bidez “ikasleek artelana ukitu, esperimentatu, sentitu eta ikustea”.

Prentsaurrekoan, programako lanik berriena aurkeztu dute, Krabelin gorridun baserritar gaztea (Alfredo Guiard), museoko bilduman dauden euskal artisten obren artean esanguratsuenetako bat.

Ander Sorianok “Ukitzeko artea” programaren sustatzaileetako batek, esan duenez, 85 koadro eraman dituzte dagoeneko formatu honetara.

Aukeratutako artelanaren bereizmen handiko argazki batekin hasten da prozesua; haren konposizioko elementu egokienak aukeratzen dituzte, itsuaren eskuak gidatzeko. Bolumenak eta testurak definitu ondoren, horiek tinta berezi batez inprimatzen dira. Ondoren, prozedura kimiko bat aplikatzen da, hasieran planoak ziren elementuei bolumena emateko. Horrela, planoek hiru dimentsioko izaera hartzen dute, 6 milimetro arterainokoa, eta, horri esker, erreprodukzioak ukimenaren bidez esplora daitezke.