Artea
Berlinen
Artea, svastiken aurka
Natxo Velez | eitb.eus
Paintback ekimenak Berlingo harresietan marraztutako ikur naziak desagerrarazten ditu, horien gainean artelanak sortuz.
-
Faxistek egindako pintaden gainean artea sortzen dute Berlinen. Argazkia: Die kulturellen Erben.
Ibo Omari Legacy BLN Berlingo margo dendaren jabeari bizitza aldatu zion, 2016an, besteak bezalakoa zirudien egun batean jaso zuen bisitak: grafitigile itxurarik ez zuen gizon batek esprai bat erosi nahi zuela esan zion, umeek jolaserako erabiltzen zuten parke bateko horman nazi batzuek pintatutako svastika bat ezabatzeko.
Omariri buruan bueltaka gelditu zitzaion hiriko hormetan gero eta gehiagotan agertzen ziren svastiken aurka zerbait egiteko ideia, eta faxisten ikurrei "umorez eta maitasunez" erantzuteko erabakia hartu zuen: horrela sortu zen Paintback ekimena, lehenik Omariren bakarkako saio gisa eta gerora hainbat marrazkigileren lanak aberastutako mugimendu global gisa.
Faxistek marraztutako svastiken gainean irudikatzen dute. Argazkia: Die kulturellen Erben
Svastika laidogarrien gainean, orotariko marrazkiak sortzen dituzte ekimenari batu zaizkion artistek, betiere ukitu probokatzailez: sudokuak, untxiak, Kubiken kuboak, loreak, eltxoak... Denetarik loratu da Berlingo harresietan naziek landatutako gorroto hazietatik.
Ahuleria mentalari sormenez erantzuten diote Omarik eta, haren ereduari jarraituta, Paintback mugimenduarekin bat egiten dutenek; erredukzionismoari, asmatzeko gosez erasotzen diote; eta nonahiko herritarrei ekimenera batzeko gonbita egin die berlindar grafitigileak bere dendatik.