Itxi

Artea

Udazkenean

Mario Gas eta Els Joglars, Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian

Erredakzioa

Nazioarteko jaialdiaren 35. edizioak 29 emanaldi guztira eskainiko ditu. Publikoaren eta artisten arteko saio pribatuak izango dira aurtengo berrikuntzak. Irailaren 13an jarriko dira sarrerak salgai.

Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 35. edizioak 29 ikuskizun hartuko ditu aurten. 2010eko egitaraua "lehenengo mailakoa" dela adierazi du Maite Berrocal Gasteizko Udalaren Kultura zinegotziak. Nazioarteko 15 ekoizpen, 3 erabateko estreinaldi eta 9 estreinaldi EAEn izango dira guztira.

Els Joglarsen ikuskizuna eta Mario Gas antzezlanaren estreinaldiak azpimarratu dute Kultura arduradunek. Els Joglars Kataluinako antzerki taldeak 2036 Omena-G izenburuko muntaia ekarriko du Gasteizera, "lan krudela, dibertigarria, samurra eta burlaria". Mario Gas, bestalde, bi ekoizpenekin iritsiko da Arabako hiriburura: Miguel Hernandez olerkariaren poemekin sortutako obra eta Tenesse Williamsen Un tranvía llamado deseo ikuskizuna, Vicky Peña eta Roberto Alamo aktoreak buru duena. Egitarauaren erabateko hiru estreinaldiak Alemaniako Familie Flög&' || 'nbsp; konpainiaren Garage d''or, Vuela si puedes eta Río de Luna antzezlanak izango dira.

Saio pribatuak artistekin

Umetxoek ere bere lekua izango dute Jaialdian: familiei eta umetxoei zuzendutako emanaldiak eskainiko dituzte auzo etxeetan. Gainera, azaroaren 22an eta 23an ospatuko diren Arte Eszenikoen V. Jardunaldiak eta zirkua omenduko dituzten ikuskizunak hartuko ditu Principal Antzokiaren atondoak. Aurtengo berrikuntzak publikoaren eta jaialdiaren artisten arteko saio pribatuak izango dira. Aktoreen mundua ezagutzea izango du helburu. Hamar lagun saio bakoitzeko mugatu dute proposamena eta hiriko hiru eszenatoki desberdinetan garatuko dira.

Ikuskizunetarako sarrerak salgai jarriko dituzte irailaren 13an. Irailaren 13an, 14an eta 15ean abonoak jarriko dituzte salgai. Irailaren 16tik aurrera ikusleen txartela duten lagunen txanda izango da. Hurrengo egunean aldez aurretiko salmentarako aukera eskainiko da eta irailaren 18tik ohiko sarrerak izango ditugu eskura.