Itxi

Artea

Bisitarien errekorra

Guggenheimek inoizko hilabeterik onena izan du uztailean

Agentziak | Erredakzioa

Bilboko museoak 144.639 pertsona bildu zituen joan den hilean, batik bat Jeff Koonsen eta Jean-Michel Basquiaten erakusketek erakarrita.

  • Jeff Koonsen lanari buruzko erakusketak jende andana erakarri du museora

    Jeff Koonsen lanari buruzko erakusketak jende andana bat erakarri du museora

Guggenheim Bilbao Museoak inoizko hilik onena itxi berri du joan den uztailean, bisitari kopuruari dagokionez. 144.639 bisitari hartu zituen guztira Bilboko museoak, iazko hil berean baino 22.202 gehiago. % 18ko igoera izan du, beraz, urterik urtera.

Bilboko Arte Ederren Museora, bestalde, 16.235 pertsona sartu ziren uztailean, iazko hilabete berdinean baino 696 gutxiago, museoak berak emandako datuen arabera. Arte Ederren Museoak William Tuckerren lanak eta joan den mendeko 50eko hamarkadako frantziar moda-sortzaileei buruzko erakusketa daude ikusgai uda honetan.

Guggenheimek, bestalde, Jeff Koons eta Jean-Michel Basquiat artista ezagunen erakusketak jarri ditu udatiar bisitarien eskura, eta uztailean museora bertaratu zirenen % 87k lehenengoz egin zutela azaldu dute bertako arduradunek, nola Frank Gehryren eraikinak hala erakusketek gidatuta.

Horrez gain, Guggenheimen arduradunek iragarri dutenez, urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra 584.459 bisitari hartu dituzte, iazko epe berean baino 44.000 (% 8) gehiago.

Horren aurrean, Juan Ignacio Vidarte zuzendariaren ustez, abuztuan eta irailean ere, bisitari askotxo izan ohi diren hilabeteak izaten diren jakitun, ?datu onak? lortzen badituzte, iaz bezala 2015ean ere milioi bat bisitariko muga hausteko helburuari begira ?bide onean? egongo dira.

Javier Viar Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak esan duenez, halaber, eurek 127.790 pertsona hartu dituzte museoan urteko lehen zazpi hiletan, eta iaz 95.368 hartu zituzten abuztura arte.

Viarren iritziz, urte hasieran pintura hiperrealistari buruz egindako erakusketari eta 50eko hamarkadako Parisko modari buruzko bildumari egotzi die aurtengo arrakasta.