Artea
Krisian
Balenciaga Museoak ez du itxiko, baina ordutegiak egokituko ditu
Erredakzioa
Patronatuak aho batez erabaki du ordutegi berriak zehaztea eta 2013ko defizitari aurre egiteko aparteko ekarpena egingo du.
Balenciaga Fundazioaren Patronatuak museoaren ordutegiak egokitzea erabaki du. Patronatuak bilera egin du arratsaldean eta museoaren bideragarritasuna bermatzeko helburuarekin hartu du erabakia. Era berean, aldi baterako itxierak baztertu ditu.
Gipuzkoako Foru Aldundian egin du Patronatuak bilera eta ahoa batez erabaki du ordutegi berriak zehaztea. Ez dira ordutegi murriztuak izango eta horien helburua museoaren bideragarritasuna bermatzea izango da. Gainera, erakundeek 2013ko defizitari aurre egiteko diru partida berezia egitea erabaki du.
Ikerne Badiola Patronatuko presidenteak eta Gipuzkoako Kultura diputatuak adierazi duenez, "museoak azken bi urteetan bizi izan duen errealitatera moldatutako ordutegiak ezartzea erabaki dugu".
Hiru denboraldi bereizi dituzte (altua, ertaina eta bajua), eta denboraldiaren araberako ordutegiak zehaztu dituzte. Horien arabera, museoa ez da arratsaldeko zortziak baino beranduago itxiko. Egun, asteburuetan eta uztaileko eta abuztuko egunetan zortzietatik haratago luzatzen da ordutegia.
Azarotik otsailera bitartean (denboraldi bajua), goizeko hamarretatik arratsaldeko hiruretara izango da museoa irekita (asteartetik ostegunera). Asteburuetan, bostak arte luzatuko da ordutegia.
Matxoan, apirilean, maiatzean eta urrian (denboraldi ertaina), berriz, goizeko hamarretatik arratsaldeko bostetara izango da museoa irekita. Asteburuetan arratsaldeko zazpietan itxiko ditu ateak.
Ekainetik irailera (denboraldi altua) ordutegi bakarra izango da, goizeko hamarretatik arratsaldeko zazpietara. Ekainean eta irailean, astelehenetan itxita egongo da.
Ordutegi berri honen bidez museoa mantentzeak sortzen dituen kostuak murriztu nahi dira.
Foru Aldundiak, gainera, 50.000 euroko diru partida berezia emango dio museoari eta Jaurlaritzarekin btera, 2013ko defizitari aurre egiteko konpromisoa hartu du. Iazko defizita 80.000 eta 100.000 euro artekoa da.
Badiolak adierazi duenez, "datorren urterako ditugun aurreikuspenak onak dira". "Murrizketen inguruan hartutako neurri askok 2014 urtean izango dute isla", gaineratu du.
Arratsaldeko bileran fundazioa osatzen duten erakunde publiko guztiek parte hartu dute: Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Getariako Udala eta Kultura Ministerioa. Javier Gonzalez de Durana museoko zuzendariak ere parte hartu du bileran. Durana eta museoaren arteko konpromisoa urtea amaitzerarekin batera amaituko da, nahiz eta Patronatuak karguan jarrai dezan nahi duen.