Itxi

Espainiako Vuelta

Abuztuaren 24an hasiko da

Espainiako Itzulian indarrak inoiz baino orekatuago egongo dira

Erredakzioa

Vincenzo Nibali, Alejandro Valverde, 'Purito' Rodriguez edo Samuel Sanchez bezalako lider indartsuak egongo dira, baina indarrak oso orekatuta egongo dira.

  • Valverde eta 'Purito' Rodriguez. Argazkia: EFE

    Valverde eta 'Purito' Rodriguez. Argazkia: EFE

2013ko Espainiako Itzulia abuztuaren 24an hasiko da Galiziako errepideetan. Aurten, txirrindulariak nahiko nekatuta heldu dira denboraldiko azkenengo probetaza, eta horregatik indarrak oso orekatuta egongo dira. Etapa bukaera asko leherkorrak izango dira, eta mendiko jardunaldi gogorrei ere aurre egin beharko diete txirrndulariek. Garaipenerako ez dago faborito argirik, baina lau txirrindulari argi eta garbi podiumeran sartzeko lehian egongo dira.

Vincenzo Nibali 2013ko Italiako Giroko garailea gehien kontrolatu beharko duten gizona izango da. ‘Maglia’ arrosa aise irabazi zuen, baina azkenengo probetan ez du bere maila emateko abagunerik eduki. Alejandro Valverde murtziarra amorruz beteta helduko da Vueltara, Tourrean podiumean sartzeko aukerak zulatze tentel bategatik galdu baitzituen. Movistarrek talde oso sendoa aurkeztuko du, baina murtziarrak Frantziako itzuliko nekea nabaritu dezake.

Joaquim Rodriguezek ere Tourrean protagonismoa izan zuen, hirugarren sailkatu baitzen Froomen eta Quintanaren atzetik. Katiushako liderrak Espainiako Itzulira ondo heltzeko egutegia aldatu egin du azken asteetan.

Oso motibatuta eta ondo prestatuta helduko den beste txirrindulari bat Samuel Sanchez asturiarra izango da. Euskaltel-Euskadik agurra konfirmatu ondoren, laranjek guztia emango dute errepidean, eta horretarako ahal duen talderik sendoena aurkeztuko du. ‘Samu’ ondo babestuta egongo da.

Rigoberto Uran eta Sergio Henao Sky taldeko kolonbiarrak, Roman Kreuziger (Saxo-Tinkoff) edo Bauke Mollema (Belkin) ere elastiko gorria lortzeko borrokan egongo dira, baina horretarako ezusteko bat baino gehiago eman beharko dute.