Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

17. etapa

Pogacar nagusitu da Col du Porteten eta lidergoa sendotu du

A. B. E. | EITB Meia

Tadej Pogacarrek irabazi du Tourreko 17. etapa, azken igoeran Vingegaard eta Carapaz mendean hartuta. Rigoberto Uran sailkapen nagusiko laugarren postura arte jaitsi da.

14:54
Tadej Pogacar

Tadej Pogacarrek (UAE Emirates) irabazi du Tourreko 17. etapa asteazken honetan, Muret eta Col du Portet (178,4 km) artean egin dena, eta lidergoa are gehiago sendotu du.

Tourraren aurtengo edizioko etapa nagusiak argi utzi du Pogacarrek jarraitzen duela onena izaten. Esloveniarra izan da erasoaldi gehien jo dituena, eta Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma) eta Richard Carapaz (INEOS Grenadiers) txirrindulariek soilik eutsi ahal izan diote. Carapazek igoerako azken txanpan erasoa jo du etapa garaipena lortzeko asmoz, baina Pogacarrek erantzun egin dio, eta hasieran moztuta geratu den Vingegaardek ere bat egin du eurekin. Azkenean, Pogacar izan da irabazlea, Vingegaard izan da bigarren eta danimarkarrak segundo bat sartu dio hirugarren izan den Richard Carapazi.

Eguneko galtzaileetako bat Rigoberto Uran (EF Education - Nippo) izan da, helmuga Pogacarrengandik 1'49"ra gurutzatu baitu. Kolonbiarra sailkapen nagusiko bigarren postutik laugarreneraino jaitsi da. Pogacar da sailkapen nagusiko liderra, 5'39" ateratzen don Vingegaardi (bigarren) eta 5'43"ko abantaila du Carapazekiko (hirugarren).

Pello Bilbao, zazpigarren

Col du Porteteko igoeran Pello Bilbao (Bahrain-Victorious) izan da protagonistetako bat. Gernika-Lumoko txirrindularia Tourra irabazteko faboritoen multzoan egon da, eta erasoa jo du helmugarako hamar kilometro falta zirenean. Hasieran zuloa ireki duen arren, ezin izan du aurrera egin, Pogacarrek erritmoa bizitu eta faboritoen multzoak Pello harrapatu baitu. Hala ere, etapa ona egin du, eta Pello Bilbao zazpigarren izan da, Tadej Pogacarrengangik 1'44"ra helmugaratuta.

17. etapako sailkapena:

1 - POGACAR Tadej (UAE) 5:03:31

2 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +3"

3 - CARAPAZ Richard (INEOS) +4"

4 - GAUDU David (Groupama) +1'19"

5 - O'CONNOR Ben (AG2R) +1'26"

6 - KELDERMAN Wilco (BORA) +1'40"

7 - BILBAO Pello (Bahrain) +1'44"

8 - HIGUITA Sergio (EF Education) +1'49"

9 - URAN Rigoberto (EF Education) +1'49"

10 - TEUNS Dylan (Bahrain) +1'49"

Sailkapen nagusia:

1 - POGACAR Tadej (UAE) 71:26:27

2 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +5'39"

3 - CARAPAZ Richard (INEOS) +5'43"

4 - URAN Rigoberto (EF Education) +7'17"

5 - O'CONNOR Ben (AG2R) +7'34"

6 - KELDERMAN Wilco (BORA) +8'06"

7 - MAS Enric (Movistar) +9'48"

8 - LUTSENKO Alexey (Astana) +10'04"

9 - MARTIN Guillaume (Cofidis) +11'51"

10 - BILBAO Pello (Bahrain) +12'53"