Itxi

Txirrindularitza

Uztailaren 30ean

'World Tour' mailako sei talde lehiatuko dira 2023ko Getxoko Zirkuituan

Agencias | EITB Media

Getxoko lasterketaren 78. edizioa uztailaren 30ean jokatuko da. Guztira, 18 talde ariko dira lehian eta sei goi-mailakoak izango dira.

  • Juan Ayuso

    Juan Ayuso, 2022ko Getxoko Zirkuituko irabazlea. Argazkia: EFE

Getxoko Zirkuitua-Otxoa Anaiak Memorialaren 78. edizioa jokatuko da uztailaren 30ean. Lasterketak 193,3 kilometroko ibilbidea izango du, eta 18 talde ariko dira lehian; horietako sei, 'World Tour' mailakoak

Lasterketa Bilboko Guggenheim Museotik abiatuko da. UAE, Lidl-Trek, Cofidis, Movistar, Astana eta Bora-Hansgrohe izango dira parte hartuko duten maila goreneko taldeak, eta beste hauek 'pro team' kategoriakoak: Caja Rural, Kern Pharma, Euskaltel-Euskadi, Burgos-BH, Eolo Kometa (Italia), Human Powered Health (AEB) eta Total Energies (Frantzia). Bestalde, 'Kontinental' mailako Electro Hiper Europa, JCL Team Urkyo (Japonia), Sicasal (Angola), Global 6 (Zeelanda Berria) eta Victoria Sports (Filipinak) taldeak ere egongo dira Getxon..

Aurten, txirrindulariek birritan igo beharko dute Pike Bidea: 2 kilometroko igoera du mendateak eta maldetan batezbesteko % 14koa da. 2020an Getxoko Zirkuituaren eskutik eman zen ezagutzera Pike Bidea, eta uztailaren 1ean Bilbotik abiatu zen 2023ko Frantziako Tourreko etapan ere igo zuten txirrindulariek aipatutako mendatea.

Orotara, sei mendate puntuagarri egongo dira; hau da, birritan igoko den Pike Bidean eta lau aldiz igo beharreko Unbe 3. mailako portuan izango dute ziklistek puntuak pilatzeko aukera. Igoera horiek guztiak erabakigarriak izango dira Juan Ayuso egungo irabazlearen lekukoa nork hartuko duen jakiteko.

Bestalde, antolatzaileek jakinarazi dute 78. edizioko ohorezko zuzendaria Julian Gorospe txirrindulari ohia izango dela.