Txirrindularitza
Kataluniako Volta
Albasinik garaipen handia eskuratu du Voltako aurreneko etapan
Erredakzioa
GreenEdge taldeko txirrindulariak iheslariak atzean utzi ditu Collsacreuko igoeran eta helmugara bakarka heldu da probako lidertza eskuratzeko. Bigarren Delaplace izan da eta Nicolas Edet hirugarren.
-
Albasini. Argazkia: EFE
Michael Albasini suitzarrak (GreenEdge) irabazi du Kataluniako Voltako aurreneko etapa (138 kilometro, irteera eta helmuga Calellan) eta itzuliko lidergoa eskuratu du.
Helmugara bakarrean heldu da Albasini Anthony Delaplace frantziarraren eta Cofidis taldeko Nicolas Edeten aurretik. 31 urteko txirrindulariak eguneko azkeneko mendatean jo du erasoa (Collsacreu, 3. mailakoa) helmugatik 18 kilometrora eta beste iheslariek (Delaplace, Edet, Timothy Duggan eta Ben Gastauer) ezin izan dute harrapatu.
2011ko Espainiako Vueltan etapa irabazi zuen Michael Albasinik eta 2012ko aurreneko garaipena eskuratu du Calellan. Gainera, GreenEdge taldearen sasoi ona argi utzi du suitzarrak, larunbatean Simon Gerrans taldekideak Milan-San Remo proba irabazi baitzuen.
Bigarren etapan lidergoa babesten saiatuko da Albasini. Gironan izango da irteera eta helmuga, baina helmugatik 12 kilometrora lehenengo mailako Alto dels Angels mendatea izango dute txirrindulariek.
Lehenengo etapa eta sailkapen orokorra:
1. Michael Albasini (GreenEDGE) 3:20:04
2. Anthony Delaplace (Saur Sojasun) +42
3. Nicolas Edet (Cofidis) + 1:14
4. Kenny Van Hummel (Vacansoleil) + 1:32
5. Ben Gastauer (AG2R) d.b.
6. Roger Kluge (Project 1t4i) d.b.
7. Allan Davis (GreenEDGE) d.b.
8. Fabio Sabatini (Liquigas-Cannondale) d.b.
9. Davide Appollonio (Sky) d.b.
10. Francesco Gavazzi (Astana) d.b.
11. Luke Roberts (Saxo Bank) d.b.
12. Manuele Mori (Lampre-ISD) d.b.
13. Stephane Poulhies (Saur-Sojasun) d.b.
14. Jose Luis Cano (Andalucia) d.b.
15. Aitor Galdos (Caja Rural) d.b.