Itxi

Txirrindularitza

TASen zigorraren ondoren

Alberto Contador: 'TASen erabakiak argi uzten du ez naizela dopatu'

Erredakzioa

Pintoko txirrindulariak emozioz betetako prentsaurrekoan gaineratu du urte askoan jarraituko duela txirrindularitzan eta kirol hau era garbian praktikatzen.

05:19
Alberto Contador: 'Txirrindularitzan bete-betean jarraituko dut'
Alberto Contadorrek bere jaioterrian, Pinton (Madril), prentsaurreko unkagarria eman du astearte honetan. Bjarne Riis SaxoBank taldeko managerrerarekin eta hainbat komunikabideren aurrean egin ditu adierazpenak Contadorrek astelehenean TASek bi urteko zigorra ezarri baitzion dopinagatik.

Riisek argi utzi du txirrindulariak ez duela SaxoBanken jarraituko zigorra bete arte UCIk ez duelako baimentzen. Hau da, abuztuaren 6an beteko du zigorra Contadorrek eta orduan itzuliko da taldera.

Contadorrek adierazpen hauekin eman dio hasiera prentsaurrekoari: "Ez nago ados eta oso nahigabetuta nago TASek hartutako erabakiarekin".

"Txirrindularitzan jarraituko dut bete-betean. Kirol hau praktikatzen jarraituko dut era garbi baten, bizitza guztian zehar egin dudan bezala. Gaur egun nire egoera eta animoak onenak ez diren arren, honek indartsuago egingo nau etorkizunean", gaineratu du.

"Urte eta erdi hau oso gogorra izan da niretzat, ez diot inori horrelakorik opa. Baina are gogorragoa izan da nire familiak bizi izan duen mina eta sufrimendua", esan du Pintoko txirrindulariak.

"Erabaki honek argi uzten du ez naizela dopatu", gaineratu zuen Contadorrek. "Nire abokatuak kasua begiratzen ari dira eta azkeneraino borrokatuko dugu. Nik azkenera arte borrokatzeko esan diet", adierazi zuen Alberto Contadorrek.