Txirrindularitza
Derion
Euskaltel-Euskadi 2012ko denboraldia prestatzen hasi da
Erredakzioa
Samuel Sanchez izan ezik txirrindulari guztiak aritu dira lanean lehenengo entrenamenduan. Victor Cabedo, Ricardo Garcia eta Adrian Saez de Arregi dira taldeko aurpegi berriak.
Derioko egoitzan hasi da Euskaltel-Euskadi 2012ko denboraldia prestatzen. 1994an sortu zenetik bere historiako 19. denboraldia prestatuko du horrela talde laranjak. Gorka Gerrikagoitia, kirol zuzendari berriaren aginduetara aritu dira txirrindulariak goizeko aurkezpenean eta aurpegi berriak ezagutzeko aukera ere egon da. Ricardo Garcia, Victor cabedo eta Adrian Saez de Arregi izango dira euskal taldeko txirrindulari berriak. Beste talde batzuetara joan diren txirrindularien artean, Koldo Fernandez de Larrea esprinterra edota Jonatan Castroviejo daude.
Lehenengo lan saioan, Samuel Sanchezek ez du parte hartu, pasa den astean ebakuntza egin baitzioten Asturiaseko txirrindulariari.
Elitean jarraitzea "oso garrantzitsua" izango zela adierazi du Miguel Madariagak. "Urte zaila eta gogorra" izango dela argi utzi du taldeko Managerrak Euskaltel-Euskadi taldeari denboraldi bukaeran patrozinio kontratua bukatzen zaiolako.
Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariak (2012ko denboraldia):
Igor Anton, Mikel Astarloza, Jorge Azanza, Pello Bilbao, Pierre Cazaux, Gorka Izagirre, Ion Izagirre, Mikel Landa, Egoi Martinez, Miguel Minguez, Mikel Nieve, Juanjo Oroz, Alan Perez, Ruben Perez, Samuel Sanchez, Romain Sicard, Amets Txurruka, Pablo Urtasun, Ivan Velasco, Gorka Verdugo.
Berriak: Ricardo Garcia, Victor Cabedo, Adrian Saez de Arregi.