Itxi

Txirrindularitza

Etenaldia

Tom Dumoulinek txirrindularitza utziko du aldi baterako

A. A. | EITB MEDIA

Herbeheretarrak "Jumbo-Vismako kontzentrazioa utzi du" eta "oraingoz ez du lasterketetan parte hartuko", eman du jakitera bere taldeak.

  • Tom Dumoulin 2020ko Dauphine Kriteriumean

    Tom Dumoulin 2020ko Dauphine Kriteriumean. Argazkia: EFE

Tom Dumoulin (Jumbo-Visma) herbeheretarrak txirrindularitzatik aldi baterako aldentzea erabaki du, kirolari gisa bere "bidea" aurkitzeko eta bere bizitzari "tartea" eskaintzeko, besteez gehiegi arduratzen ibili ostean, bere buruaz egin beharrean. Aipatu erabakiak harridura eragin du kirol munduan.

"Ostiralean hartu nuen erabakia. Taldearen babesa daukat, eta horrek oso ondo sentiarazten nau. Sorbaldetatik 100 kiloko zama kendu dudala iruditzen zait. Azkenean, niretzat denbora hartzeko erabakia hartu nuen", adierazi du Jumbo-Visma taldearen webgunean  plazaratutako bideo batean.

Dumoulinek (30 urte) txirrindularitza denboraldiari "gogotsu" ekingo ziola iragarri eta egun batera iritsi da albistea. Taldeko buruetako bat izan behar zuen Steven Kruijswijk eta Primoz Roglicekin batera. Ziurrenik, Strade Bianche lasterketan hasi behar zuen denboraldia, ondoren Tirreno-Adriatico, Milan-San Remo eta Flandriako Tourra korritzeko.

"Zaila izaten ari niretzat txirrindularitzako nire aurkitzen jakitea. Horrek dakarren presioarekin, aurreikuspenekin... Taldea zoriontsua izatea nahi dut, taldekideak, babesleak, emaztea eta familia. Hori dela eta, zuzen jokatu nahi dut guztiengatik, eta azken urtean neure burua alde batera utzita izan dut pixka bat", azaldu du.

Zentzu horretan, 2017ko Italiako Giroko irabazleak bere bizitzan zalantza asko dituela aitortu du. "Zer nahi du Tom Dumoulinek bere bizitzan? Oraindik txirrindulari izan nahi dut? Eta hala bada, nola? Tourra irabazi nahi badut, nola egin behar dut lan helburu hori lortzeko? Badira zenbait hilabete galdera horiek burutik pasatzen ari zaizkidala eta ez dut izan erantzuteko astirik", zehaztu du.

Herbeheretarra iaz itzuli zen lehiara, belaunean izandako lesio larria gainditu ostean. "Denbora gehiegi eman dut beste pertsona batzuek nitaz zer pentsatzen zutenaz kezkatuta. Orain da unea jakiteko niretzat zer nahi dudan. Erabaki hori atzeratzen jarraitu dut, eta horregatik jarraitu dut entrenatzen, baina ezin dut behar den bezalako hausnarketa egin eta erantzunak aurkitu txirrindularitzaren trenean bete-betean geratzen banaiz. Beraz, hortik atera behar dut".