Itxi

Txirrindularitza

Baja

Egan Bernal kolonbiarra ez da Girora joango, lepauztaieko lesio baten ondorioz

Agentziak | Erredakzioa

Chris Froomen taldekideak erorikoa izan du larunbatean, entrenatzen ari zela.

  • Egan Bernal, Paris-Niza lasterketako podiumean

    Egan Bernal, Paris-Niza lasterketako podiumean. Argazkia: Efe.

Egan Bernalek uko egin behar izan dio Italiako Giroari larunbateko entrenamenduan izandako eroriko baten ondorioz, Ineos taldeak aditzera emandakoaren arabera. Kolonbiarrak min hartu du ezkerreko lepauztaian.

22 urteko txirrindularia Ineoseko taldeburua zen maiatzaren 11n hasiko den Italiako Giroko 102. Edizioa irabazteko.

"Zoritxarrez, Egan Bernalek lepauztaia hautsi du Italiako Giroaren atarian egindako entrenamendu batean", adierazi du Ineos taldeak Twitterren.

Kolonbiarrak aurtengo Paris-Niza irabazi du, laugarren izan da Kolonbiako Itzulian eta Italiako Giroan zen bere helburu nagusia. "Lagunok, laster ikusiko dugu elkar", idatzi du Bernalek Twitterren, ospitaleko mantala soinean duela eta gurpildun aulki batean eserita agertzen den argazki batekin batera. "Lasai egon, honek gehiago motibatzen nau denboraldian topera entrenatzeko", gaineratu du.

Ineos taldeko, lehengo Sky, izar nagusia Chris Froome britainiarra da. Lau aldiz irabazi du Frantziako Tourra eta munduko txirrindulari onenetarikoa da.