Txirrindularitza
33. edizioa
Tony Gallopin nagusi izan da Donostiako Klasikoan
L.E.
RadioShack taldeko txirrindulariak erasoa jo du helmugarako 16 kilometroren faltan eta bakar-bakarrik iritsi da Boulevarreko helmugara. Lehen euskal txirrindularia Mikel Nieve izan da, 29 segundora.
Tony Gallopin (RadioShack) frantziarrak irabazi du Donostiako Klasikoaren 33. edizioa. 25 urteko txirrindulariak 28 segundoko abantaila atera die helmugan Valverde Movistar), Kreuziger (Saxo), Mikel Nieve (Euskaltel) eta Roche (Saxo) iheskideei.
Gallopinek Arkalen gora jo du erasoa eta lehen postuan iritsi da 2. mailako mendateko gainera. Bertan 12 segundoko aldea zuen atzeko taldearekiko.
Bukaerarako 25 kilometrora, txirrindulari entzutetsuez osatutako talde bat zihoan tropezaren aurretik: Valverde, Nieve, Roche, Flecha, Quintana, Astarloza eta Gallopin bera, besteak beste.
Valverdek ez zituen arerioak hain hurbil nahi, baina berak ezin zuen laguntzarik gabe taldea kontrolatu, eta argi geratu da talde horretan erasoak bata bestearen atzetik izango zirela.
Erasoa
Gauzak horrela, eguneko erasoa Arkale bigarrenez igotzen ari zirela iritsi da. Tony Gallopinek aurrera egin du eta aldea zabaldu du taldearekiko. Frantziarrak alde horri eutsi dio eta helmugara iristeko lau kilometro falta zirela, 25 segundoko abantaila zuen. Ahalaeginak saria izan du eta Gallopin bakar-bakarrik agertu da Donostiako Boulevarrean jarritako helmugan.
Atzekoen arteko sprintean Valverde nagusitu da, Kreuziger eta Nieveren aurretik. Taldetxoa 28 segundora sartu da.
Sailkapena:
1º Tony Gallopin (RadioShack) 5:39:02
2º Alejandro Valverde (Movistar) a 28"
3º Roman Kreuziger (Saxo Tinkoff) m.t.
4º Mikel Nieve (Euskaltel Euskadi) m.t.
5º Nicolas Roche (Saxo Tinkoff) a 29"
6º Mikel Landa (Euskaltel Euskadi) a 36"
7º Moreno Moser (Cannondale) a 51"
8º Pieter Serry (Omega) m.t.
9º Bauke Mollema (Belkin) m.t.
10º Sylvain Chavanel (Omega) m.t.
11º Jan Bakelandts (RadioShack) m.t.
12º Robert Gesink (Belkin) m.t.