Italiako Giroa
14. etapa
Italiako Giroa: Nibali eta Arroyo, ikuskizunean maisu
Erredakzioa
Lampreko italiarrak etapa garaipena lortu du jaitsieran erakustaldia emanda, eta Caisse d'Epargneko espainiarrak 'maglia rosa' jantzi du eta ikusgarri baten ostean.
Vincenzo Nibali (Liquigas) italiarrak irabazi du Italiako Giroko hamalaugarren etapa, 205 kilometroko etapa zoragarria, Monte Grappa mendatea epaile izan duena.
Sailkapen nagusiaren buruan, Dolomitetako aurreneko etaparen ostean, David Arroyo (Caisse d''Epargne) da. Bigarren Richie Porte (Saxo Bank), 39 segundora; eta hirugarren Xavier Tondo (Cervelo), 2:12ra.
Monte Grappako aldapa gogorretan piztu dute sua lasterkariek. 25 kilometroko igoerak lasterketa hautsi du.
Liquigas taldeak piztu du sua eta Bassok, Nibalik, Evansek eta Scarponik lasterketaburua hartu dute. Atzetik, Vinokourov eta Sastre sufritzen ari ziren eta Richie Porte elastiko arrosaren jabeak minutu asko galtzen zituen.
Laukoteak buruan hartu du gaina, eta jaitsieran lasterketa hamaika zatitan apurtzea lortu dute. Nibalik bakarkako bideari ekin dio eta helmugaraino bakarkako erlojupekoa egin du etapa garaipena lortzeko.
Bassok, Evansek eta Scarponik taldetxoa osatu dute Nibaliren jazarpenean auzolanean aritzeko, baina Basso taldekideak ez die gehiegi lagundu. Vinokourovek, Sastre atzean utzita, bakarkako bideari ekin dio ere, eta helmugan 1:34 galdu du.
Faboritoen azken taldea Arroyok, Sastrek, Tondok, Cunegok eta Wigginsek osatu dute, besteak beste, eta etapa irabazlearengandik 2:25era helmugaratu dira. David Arroyo izan da, hain zuzen ere, ''maglia rosa'' hartu duena, Portek lau minutu baino gehiago galdu baititu helmugan.
Bihar hamabosgarren etapa lehiatuko da. Ikusgarria izan daiteke, oso, biharkoa. 222 kilometro Mestre eta Zoncolan artean. Lau mendate eta Zoncolango amaiera beldurgarria.