Italiako Giroa
Taldeko erorikoa
Dan Martin eta Koldo Fernandez de Larrea, etxera, eroriko baten ostean
Mikel Dominguez
Garmin-Sharp taldeko lau txirrindulari lurrera joan ziren taldekako erlojupekoan. Biak etxera itzuli ziren Italiako Giroaren lehenengo etapan, lepauztaia apurtuta.
Oso txarto hasi zen Italiako Giroa Garmin-Sharp taldearentzat. Lehenengo etapan, Belfasteko kaleetan zeharreko taldekako erlojupekoan, lau txirrindulari lurrera joan ziren. Daniel Martinek, taldeko liderra, eta Koldo Fernandez de Larreak, tropeleko sei txirridularietako batek, lasterketa utzi behar izan dute, lepauztaia apurtuta.
Irlandako txirrindularia sailkapen orokorra lehiatzera zihoan, baina agur esan behar izan dio lasterketari bere etxean. Bote bat estolda batean atzeko lau txirrindulariak lurrera joatea eragin zuen. Taldekideak liderrari itxaron zioten, baina azkenean etxera joan behar izan zen. Koldo Fernandez de Larreak etapa bukatu zuen, lepauztaia apurtuta, baina lasterketa utzi du. Iazko Espainiako Vueltan ere erretiratu behar izan zen, taldekako erlojupekoan erorita.
3' 26'' galdu zituen helmugan taldeak. Ryder Hesjedal, Giroko irabazle izandakoa eta taldeko lider berria, istripua deitoratu zuen: "Inoiz ez duzu nahi hau bezalako gauzarik gertatzea. Momentu honetan, soilik nire taldekide Koldo eta Danengatik nago kezkatuta, eta bereziki penatuta Danengatik. Badakit hemen egotea zein garrantzitsua zen berarentzat, eta zenbat esan nahi zuen lasterketak". Hala ere, Kanadakoa baikor agertu da: "Oso talde sendoa daukagu eta borrokatzaileak gara. Gainontzeko etapetan aukerak bilatuko ditugu".
Andrea Cardoso eta Nathan Haas ere lurrera joan ziren, baina etapa bukatu zuten, minduta. Australiakoak beste aurpegi bat erakutsi nahi izan du Twitterren, biharamuean berak abestutako "Always look on the bright side" gogoratuz, 'Brianen bizitza'-ko abestiarekin baikortasunez begiratzeko geratzen zaizkien hiru astak.