Itxi

Saskibaloia

Endesa Liga

Baskonia Bilbao Basketi gailendu zaio derbian (62-90)

EITB Media

Partida berdinduta hasi da bi euskal taldeen artean. Hala ere, bigarren laurdenari ekin ostean, Gasteizko taldeak kontrola hartu du eta bilbotarrak gainditu ditu euren etxean, Bilbao Arenan.

6:04
EFE

Play-offetarako sailkapen-postua defendatu du gaur Bitci Baskoniak eta jipoia eman dio igande honetan Surne Bilbao Basketi Miribillan. Bilbotarrek, bestalde, titulua lortzeko kanporaketan parte hartzeko txartela ematen duen zortzi onenen postuetara hurbiltzeko aukerak joan zaizkio gaurkoan.

Lehenengo laurden berdindu batekin hasi da euskal derbia (19-20); halere, lehen 10 minutu horien ostean, Baskoniak partida erabakita utzi du, bigarren atsedenaldira 21 puntuko aldearekin iritsita (30-51).

Astebetean euren laugarren partida izan denik ez zaio nabaritu Neven Spahijaren taldeari, ezta Monakotik ordu gutxi batzuk lehenago itzuli direnik ere, Euroligan play-offetarako aukerak ia erabat galdu ondoren.

Norgehiagoka Bilbao Basket gogotsu batekin hasi da, gasteiztarrei 7-2 aurrea hartuta. Baskoniak, hala ere, markagailua irauli du gutxira (13-14), eta lehen laurdenaren amaieran aurretik bukatu du (19-20).

Lehen atsedenaldiaren ostean, etxekoak aurretik jartzeko gai izan dira berriro (21-20), baina euforiak gutxi iraun die, une horretatik aurrera Mumbruren mutilak zulo batean sartu baitira, Baskoniakoei aurre egin ezinik.

Hain zuzen ere, Grangerrek gidatutako erauntsiarekin eta etxekoekin tira-birak izan dituen Fontecchiorekin, Spahijaren taldeak tartea ireki du (28-45) bigarren atsedenaldira 30-51ko markagailuarekin iritsi arte.

Bigarren laurdeneko 11-31koak argi eta garbi erakutsi du kantxa gainean gertatutakoa, bi aldeetan bikain aritu den Baskoniarekin eta jokoaren arlo guztietan gaindituta egon den Bilbao Basketekin.

Aldageletatik itzulita, Gaudelocken saskiratze batek etxekoei itxaropen pixka bat eman diola zirudien (32-51), baina gauzak, etxekoentzat gauzak hobetu beharrean, okerrera joan dira, Baskoniak Costello bikain bat izan baitu kantxan.

Bi taldeen arteok aldea 33 puntura artekoa izatera iritsi da (44-77), Roussellek txirrinak jo duenean sartutako hiruko batek markagailua 47-77an jarri aurretik.

Dena erabakita zegoenean, beltzezko gizonek azken laurdenean hondamendia geldiarazteko gai izan dira, baina ezin izan dute azken emaitza makillatu (62-90).

Fitxa teknikoa:

62 - Surne Bilbao Basket (19+11+17+15): Rafa Luz (2), Goudelock (21), David Walker (5), Masiulis (1) eta Ángel Delgado (11) -hasierako taldea-; Rousselle (4), Hakanson (4), Álex Reyes (6), Inglis (2), Withey (6), Peno eta Rigo.

90 - Bitci Baskonia (20+31+26+13): Baldwin (9), Giedraitis (9), Fontecchio (19), Peters (9) eta Costello (18) -hasierako taldea-; Granger (14), Marinkovic (2), Enoch (10), Sedekerskis, Kurucs, Raieste eta Barrera.

Epaileak: Emilio Pérez Pizarro, Luis Miguel Castillo eta Roberto Lucasro. Faltengatik kanporatuta, Enoch.

Laurdenez laurden: 19-20 / 11-31 / 17-26 / 14-13.