Baskonia
Titulurako play-offak
Caja Laboral-Estudiantes, (92-76): Baskoniarentzat lehen puntua
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Asefak zail jarri dizkio gauzak talde arabarrari lehen zatian, baina bigarrenean bere joko onena erakutsi du Ivanovicen taldeak. Igande honetan, bigarren partida Madrilen (12.30ean).
Caja Laboral Baskoniak garaipena lortu du Asefa Estudiantesen aurka (92-76) eta play-offetako lehen kanporaketan abantaila hartu du.
Baskoniarren partida hasiera itzela izan zen. Caja Laboralek 13-0eko partziala sartu zion Estudiantesi. Ondoren madrildarrek partzial hori moztea lortu zuten. Orduan Estudiantes hobeto jokatzen hasi zen eta sei puntura jarri zen (17-11) lehen laurdena bukatzeko minutu bakarra falta zenean. Lehen hamar minutuak Baskoniaren aldeko 19-15eko emaitzarekin bukatu ziren.
Bigarren laurdenaren hasieran Luis Casimiroren taldeak partida berdintzea lortu zuen (19-19) eta markagailuan aurrea hartu zuen (19-24). Caja Laboralek beherakada gainditu eta erreakzionatu egin zuen. Hamabosgarren minutuan markagailuak 27-27ko berdinketa adierazten zuen. Momentu hortatik aurrera hobea izan zen Baskonia eta 8 puntuko abantailarekin iritsi ziren gasteiztarrak atsedenaldira.
Hirugarren laurdenean Baskoniak bere joko onena erakutsi zuen Marcinhoren antolaketari eta Splitterrek erasoan eta defentsan eginiko lanari esker. Abantaila erosoak izan zituen Baskoniak eta hirugarren laurdena etxeko taldearen aldeko 68-50eko emaitzarekin bukatu zen.
Azken laurdena arraroa izan zen. Bazirudien Baskoniak erraz irabazi behar zuela, baina Estudiantesek 18 puntugatik galtzen joan arren ez zuen amore eman eta norgehiagoka bukatzeko 2 minutu eta 43 segundo falta zirenean zortzi puntura jarri zen talde madrildarra (80-72). Eskerrak Baskonia fin ibili zen amaieran hiruko marratik eta garaipena lortu zuen 92-76ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
92 - Caja Laboral (19+22+27+24): Huertas (15), Oleson (5), San Emeterio (11), Teletovic (18), Splitter (13) -hasierako bostekoa-, Palacio, Ribas (15), Herrmann (15), Golubovic.
76 - Asefa Estudiantes (15+18+17+26): Oliver (3), Suárez (6), Lofton (7), Caner-Medley (18), Gabriel (12) -hasierako bostekoa-, Jasen (13), Popovic (15), Granger (2).