Saskibaloia
Gaur, 3. partida
Unicajak laugarren partida behartu nahi du, Real Madrilen aurka
Erredakzioa
Madrildarrak jaun eta jabe dira finalerdietako kanporaketan, 2-0. Partida zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.com-ek.
-
Real Madril 2 eta 0 da aurretik Unicajaren aurkako kanporaketan. Efe.
Unicajak laugarren partida behartu nahi du Real Madrilen aurkako finalerdietako kanporaketan. Andaluziarrek jokatutako bi partidak galdu dituzte, baina azken minutuetan biak. Hirugarren partida Malagan jokatuko da gaur. Partida zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.com-ek.
Andaluziarrak argi utzi dute Real Madrili irabazteko gai direla, aurreko partidak azken txanpan galdu dituztelako. Gainera, oraingoan zaleen babesa izango dute Martin Carpena kantxan (zuzenean, 22:00etan).
Hala ere, aurrekariak aurka ditu Unicajak, izan ere, talde batek ere ez du lortu finalerdietan kontrako 2 eta 0eko bat iraultzea.
2 eta 0ekoa eman den 29 aldietatik 16tan kanporaketa hirugarren partidan amaitu da; bederatzitan, laugarren partidan; eta lautan, bosgarrenean. Baina historiako datu batek Unicajaren alde egiten du: talde andaluziarrak 0 eta 2koa irauli zuen Etosa Alacanteren aurka, final laurdenetan.