Baskonia
71-77
Caja Laboralek bigarren porrota jaso du Euroligan
Redacción
Baskoniak ez du maila ona erakutsi, eta Zalguiris 71-77ko emaitzarekin nagusitu da. Armanik 71-83 irabazi dio Cedevitari, eta Olympiakosek 98-72 galdu du Anadolu Efesen aurka.
-
Zalguiris Kaunasek 71-77ko emaitzarekin irabazi dio Baskoniari. Argazkia: EFE
Caja Laboralek ez du bururik altxatzen Euroligan. Baskoniak bi partida jokatu, eta biak galdu ditu txapelketa honetan. Buesa Arenan Zalguiris Kaunas nagusitu da 71-77ko emaitzarekin. C multzoan Anadolu Efesek 98-72 jipoitu du Olympiakos, eta Emporio Armanik 71-83ko emaitzarekin irabazi dio Cedevita Zagrebi.
Ondo ekin dio Baskoniak norgehiagokari, eta abantaila hartzen hasi da partidako bigarren minututik aurrera. Zazpi punturainoko aldea izan dute arabarrek (17-10), baina Joan Plazak zuzentzen duen taldeak ez du etsi, eta lehen laurdena bukatzeko minutu bat falta zenean, aurrea hartu du markagailuan (20-21). Azken txanpa ona egin du Baskoniak, eta lehen hamar minutuak bi puntuko errentarekin bukatzea lortu du Caja Laboralek (25-23).
Bigarren laurdena oso lehiatua izan da. Zalguiris gero eta hobeto aurkitzen hasi da, eta markagailuan agindu du laurden osoan zehar. Baskoniak arazoak izan ditu Zalguirisen defentsa gainditzeko. Defentsan ere, ez dira fin ibili arabarrak. Horrenbestez, lituaniarrak bost puntuko abantailarekin iritsi dira atsedenaldira (35-40).
Atsedenaldia behar zuen Baskoniak, bere jokoa ez baita ona izan lehen laurdenaren azken txanpan, ezta bigarren laurdenean. Baina atsedenak ez dio onik egin Caja Laborali. Zalguirisi, ordea, bikain etorri zaio arnasa hartzea, hirugarren laurdenari bikain ekin baitio. Caja Laboralek ezin izan du lituaniarren jokoa gelditu. Zalguirisek gogor defendatu du, eta erasoan bikain ibili da hiruko ugari sartuta. Hamar puntuko abantaila izatera iritsi da talde bisitaria (45-55 eta 47-57), baina laurdena amaitu orduko, aldea murriztea lortu dute Ivanovicek zuzentzen dituen mutilek (51-57).
Azken laurdenaren hasieran markagailua estutzea lortu du Caja Laboralek, eta hiru puntura gerturatu da talde arabarra (58-61). Baskonia hurbiltzen zen bakoitzean, ordea, Zalguirisek jaurtitzaile onak dituela azaldu nahi izan du. Hiruko marratik asko asmatu dute lituaniarrek. Amaierarako minutu bat eta hamaika segundo falta zirenean, Caja Laboral bi puntura kokatu da (71-73). Baina azken segundoetan Zalguirisen jaurtitzaileek erabaki dute partida. Amaieran, 71-77ko emaitzarekin nagusitu da Zalguiris Kaunas.
Fitxa teknikoa:
CAJA LABORAL: Heurtel (8), Oleson (13), Nocioni (13), Nemanja Bjelica (6) y Lampe (12) --hasierako bostekoa--, Cabezas (4), San Emeterio (9), Causeur (-), Milko Bjelica (6).
ZALGIRIS KAUNAS: Lafayette (12), Darden (17), Jankunas (7), Kaukenas (15) y Lavrinovic (10) --hasierako bostekoa--, Kuzminskas (2), Juskevicius (3), Delas (-), Popovic (11), Ksistof Lavrinovic (-).
PATZIALAK: 25-23, 10-17, 16-17, 20-20.