Baskonia
Baskonia-Real Madril (66-76)
Caja Laboralek behera egin du, eta kanporaketa Madrilen erabakiko da
Erredakzioa
Baskonia nagusi izan da lehen zatian, baina hirugarren laurdeneko azken minutuetan ez du asmatu eta zuriek ederki aprobetxatu dute hori garaipena bideratzeko.
-
Argazkia: EFE
Caja Laboral: Prigioni (6), Nemanja Bjelica (5), Oleson (5), Lampe (18), Teletovic (12) --hasierako bostekoa -- San Emeterio (-), Milko Bjelica (14), Ribas (6), Heurtel (-).
Real Madril: Llull (4), Tomic (7), Suárez (3), Singler (8), Velickovic (22) --hasierako bostekoa-- Sergio Rodríguez (15), Mirotic (7), Begic (-), Reyes (2), Pocius (-), Carroll (8).
Partzialak: 26-21, 16-14, 10-22, 14-19.
Caja Laboral Baskoniak 66-76 galdu du Real Madrilen aurka. Ondorioz, finalerdietako kanporaketaren laugarren neurketa galduta, arabarrek ezin izan dute finalerako txartela Buesa Arenan lortu. Horrela, kanporaketak Madrilera egingo du berriro, eta bertan erabakiko da.
Buesa Arenan asteartean jokatutako partidan baino erritmo biziagoarekin hasi du gaurko neurketa Baskoniak, batez ere uztaiaren aurrean asmatu dutelako. Caja Laboralen erritmoari eusteko arazoak izan ditu Real Madrilek, baina zuriek sufritzen jakin eta norgehiagokari eutsi diote (26-21).
Bigarren laurdena berdin hasi da eta Real Madrilek estutasunak izan ditu aurreneko minutuetan. Ivanovicen mutilek markagailuan alde egin dute, baina zuriek desoreka konpondu eta abantaila murriztu dute azken minutuetan (38-35).
Lehen zatian, Maciej Lampek asmatu egin du jaurtiketetan, asteartean ez bezala. Aurreneko 16 minutuetan, 16 puntu sartu ditu Lampek, eta Caja Laboral bultzatu du. Jokoan egindako jaurtiketen % 60 saskiratu ditu Baskoniak lehen zatian.
Baskoniak bikain hasi du hirugarren laurdena, eta, bi minutuan, neurketako abantaila handiena lortu du (46-35). Baina abantaila berehala desagertu da, zuriek Baskoniaren saskia behin eta berriro zulatu baitute hiruko marratik. Madrildarrek bost hiruko sartu dituzte, 6-22ko partziala lortzeko (52-57).
Azken laurdenean, Real Madril nagusi izan da eta hirugarren laurdenean lortutako abantaila kudeatzen jakin du. Gainera, zuriek saski aurrean asmatu dute eta arabarrek ezin izan dute Real Madrilen erasoa gelditu.