Itxi

Baskonia

Baskonia-Real Madril (82-79)

Caja Laboralek zuriak astindu ditu, luzapenean

Erredakzioa

Baskoniak aurrea hartu du kanporaketan, neurketa oso gogor eta estu batean. Prigionik partida luzapenera bidali du, eta gasteiztarrak nagusi izan dira azkenean.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Caja Laboral: Prigioni (4), San Emeterio (6), Oleson (17), Lampe (7), Teletovic (14) --hasierako bostekoa -- Nemanja Bjelica (14), Milko Bjelica (11), Ribas (7), Heurtel (2).

Real Madril: Llull (12), Suarez (3), Singler (10), Begic (8), Velickovic (13) --hasierako bostekoa-- Sergio Rodríguez (19), Mirotic (-), Tomic (8), Reyes (4), Pocius (2), Carroll (-).

Partzialak: 15-13, 17-17, 22-17, 15-22, 13-10 (luzapena).

Caja Laboral Baskoniak Real Madril 82-79 mendean hartu du kanporaketako hirugarren partidan eta 2-1 aurretik jarri da, ondorioz, finala garaipen bakar batera du. Norgehiagoka zirraragarri eta gogor batean arabarrek burua unerik txarrenean jaso eta luzapenean neurketa erabaki dute.

Markagailuan parekotasuna izan da nagusi lehen laurdenean. Bi taldeek defentsa ona egin dute eta ez dute saskiratze errazik utzi. Hala ere, Real Madril hobeto moldatu da errebotean eta horrek abantaila txikia eman die zuriei. Defentsak erasoak baino hobeak izan dira eta markagailu baxuarekin amaitu da aurreneko laurdena (15-13).

Bigarren laurdenean zurien nagusitasunak saski azpian jarraitu egin du, baina Tomicek eta Singlerrek hiru falta azkar egin dituzte eta entrenatzaileak aldatu behar izan ditu.

Baskoniak Real Madrilen kontraeraso arriskutsua gelditzen jakin eta eraso estatikoa ondo bideratu du, baina ez du markagailuan alde handirik lortu (32-30). Real Madrilek 22 errebote harrapatu ditu lehen zatian, Caja Laboralek, ostera, 9 baino ez.

Atsedenaldiaren ostean neurketa ez da aldatu eta parekotasunak jarraitu du markagailuan. Baina laurdenaren azken minutuan Lasoren mutilek pare bat erabaki oker hartu dituzte eta gasteiztarrek ederki baliatu dituzte abantaila txiki bat hartzeko (54-47).

Abantaila txikia berehala desagertu da azken laurdenaren hasieran, izan ere, Real Madrilek 0-12 partziala lortu du aurreneko minutuetan. Gainera, Baskoniako jokalariek Llulen barnekaldiak eragozteko zailtasunak izan dituzte. Arabarrak markagailuan atzetik izan dira, baina Prigionik norgehiagoka berdindu du azken segundoan.

Luzapenean Tomicen, Singlerren eta Begicen gabezia nabaritu du Real Madrilek taula azpian, eta ederki aprobetxatu du Baskoniak partida erabakitzeko. Zuriek erasoan txakalaldia izan dute, alternatibarik gabe geratu direlako.