Baskonia
Kanporaketa, 1-1
Real Madrilek Caja Laboralen aurkako kanporaketa berdindu du
Erredakzioa
Baskoniak intentsitatea galdu du atsedenaldiaren ostean eta Pablo Lasoren mutilek garaipen garrantzitsua eskuratu dute kanporaketa 1-1 berdintzeko.
-
Real Madril-Caja Laboral. Argazkia: EFE
Fitxa teknikoa:
.73. Real Madril (13+18+23+19): Llull (16), Suarez (10), Singler (7), Velickovic (16) eta Begic (2) -hasierako bostekoa- Reyes (4), Sergio Rodriguez (3), Tomic (6) eta Carroll (9).
.64. Caja Laboral (20+11+16+17): Prigioni (0), San Emeterio (10), Nemanja Bjelica (16), Milko Bjelica (1) eta Lampe (3) -hasierako bostekoa- Heurtel (0), Ribas (4), Teletovic (16) eta Oleson (14)
Baskoniak ezin izan du aurreneko partidan lortutako ezustekoa errepikatu eta Real Madrilek 73-64 irabazi du finalerdietako bigarren neurketa. Velickovicek eta Sergio Llulek ederki gidatu dute taldea eta Caja Laboralek ezin izan du azkenengo laurdenean markagailua irauli.
Dusko Ivanovicen taldeak markagailuan agindu du aurreneko laurdenean, batez ere Nemanja Bjelicak egindako lan onari esker, baina Sergio Llulek saskiratze garrantzitsuak eskuratu ditu. Real Madrilek defentsan akats garbiak egin ditu eta Arabako taldeak zazpi puntuko abantaila eskuratu du (13-20).
Bigarren laurdenean Pablo Lasoren mutilek erasoan asko hobetu dute eta Jaycee Carrollek 27-27koa jarri du markagailuan. Baskoniak baloi ugari galdu ditu erasoan eta Real Madrileko defentsa gainditu ezinean ibili dira jokalariak. Hala ere, Nemanja Bjelicak saskiratze garrantzitsua lortu du txirrinaren gainean markagailuan 31-31koa jartzeko.
Atsedenaldiaren ostean Caja Laboralek intentsitatea galdu du kantxan eta Madrilgo taldea markagailuan goitik jarri da (41-40). Velickovicek eta Sergio Llulek ederki gidatu dute taldea erasoan, eta Lasoren mutilek 7 puntuko abantaila eskuratu dute hirugarren laurdenaren bukaeran (54-47).
Partidako abantailarik handiera eskuratu du Real Madrilek azkeneko laurdenean (67-55), eta Caja Laboral ezin izan du markagailua irauli. Velickovicek eta Llulek erasoan lan txukuna egiten jarraitu dute eta Ivanovicen mutilek ez dute erasoan asmatu. Azken emaitza, 73-64koa izan da Madrilgo Kiroletako Jauregian.