Baskonia
77-73, Buesa Arenan
Caja Laboralek irabazi du aurreneko borroka
Erredakzioa
Partida oso berdinduta joan da azkenengo laurdenera arte, baina Mirza Teletovicen kalitateak eta azkenengo minutuetan Bilbao Basketek egindako eraso kaskarrek garaipena eman diote Baskoniari.
-
Caja Laboral-Gescrap Bizkaia (77-73). Argazkia: EFE
- Fitxa teknikoa:
77 - Caja Laboral (20+22+13+22): Prigioni (7), Oleson (2), Nocioni (10), Teletovic (19), Lampe (10) -hasierako bostekoa-, N. Bjelica (7), Ribas (1), Heurtel (8), San Emeterio (13), M. Bjelica.
73 - Gescrap Bizkaia (22+20+15+16): Jackson (18), Blums (5), Mumbru (15), Hervelle, Fischer (9) -hasierako bostekoa-, Lopez, Vasileaidis (15), Banic (7), Mavroeidis (4), Grimau.
Baskoniak aurrea hartu dio Gescrap Bizkaiari Endesa Ligako final-laurdenetako kanporaketan. Ivanovicen taldeak 77-73 irabazi du Buesa Arenan eta Bilbao Basketek kanporaketa berdindu egin beharko du playoffetan bizirik jarraitzeko. Norgehiagoka bedinduta joan da azkenengo laurdenera arte eta laurden erabakigarrian Mirza Teletovicek partida erabakita utzi du.
Gescrap Bizkaiak kantxan agintzen hasi du aurreneko laurdena Fischerren saskiratzeei esker, baina pixkanaka Ivanovicen mutilek erasoan asmatu egin dute. Teletovicek Baskonia aurretik jarri du aurrenekoz 16-15ekoarekin, eta Buesa Arenak gozatu ederra hartu du. Hala ere, Katsikarisen taldeak sakatzen jarraitu du eta lehenengo laurdena 20-22 markagailuan goitik bukatu du Bilbao Basketek.
Bigarren laurdenean Alex Mumbruk ederki gidatu du Bilboko taldea erasoan, baina Nemanja Bjelicak erantzun bikaina eman du markagailuan 31-30ekoa jarrita. Bi taldeek intentsitatearekin jokatu dute kantxan guztia emateko eta aurreneko zatia 42-42koarekin bukatu da Buesa Arenan.
Atsedenaldiaren ostean Caja Laboralek 5 puntuko aldea lortu du Nocioniren bi saskiratzeei esker, baina Bilboko taldeak 0-8ko partziala eskuratu du neurketaren kontrola berreskuratuta. Baskonia kantxan agintzen saiatu da eta San Emeteriok 55-53koa ezarri du. Hala ere Mavroeidisen saskiratze ikusgarri bati esker, 55-57 markagailuan goitik jarri dira Katsikarisen mutilak.
Arabako taldeak gogor sakatu du erasoan azkenengo laurdeneko aurreneko minutuetan eta San Emeteriok 63-59koa jarri du markagailuan. Mirza Teletovicek bikain gidatu du taldea erasoan eta Gescrap Bizkaiak ezin izan du markagailua irauli. Azkenengo emaitza 77-73 izan da Buesa Arenan eta Caja Laboralek aurrea hartu du final-laurdenetako kanporaketan.