Baskonia
OSTEGUNEAN, 21:00ETAN
Kirolbet Baskoniak garaipena nahi du, Euroligan bizirik jarraitzeko
agentziak | erredakzioa
Izar Gorriaren bisita hartuko dute gasteiztarrek Buesa Arenan, sailkapenaren behealdean dauden bi talderen arteko neurketan.
-
Shavon Shields, lehen itzuliko Izar Gorriaren aurkako lehian. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniaren eta Izar Gorriaren arteko norgehiagoka jokatuko da ostegun honetan (21:00), Fernando Buesa Arenan. Talde biak play-offetik kanpo daude gaur egun, eta bolada txarretan murgilduta.
Bederatzi jardunaldiren faltan, gasteiztarrek (9-16) eta balkaniarrek (10-15) zail dute ligaxkaren ondorengo kanporaketetara iristea, baina oraindik aukerak izan badituzte; izan ere, aurten zortzigarren postua beste urte batzuetan baino 'merkeago' dago: Khimkirena da momentuz, 11 partida irabazi eta 14 galdu ondoren.
Baskoniak bi garaipen besterik ez ditu eskuratu azken zortzi jardunaldietan, baina are okerragoak dira Izar Gorriaren zenbakiak, lehia bakarra irabazi baitu tarte berean. Beraz, garaipen-premiaz helduko dira bata zein bestea bien arteko Euroligako hamargarren lehiara. Orain arte serbiarren aldekoak dira zenbakiak (5-4), nahiz eta joaneko neurketan galdu egin zuten (64-72).
Dusko Ivanovicek Pierria Henry berreskuratu du, eta Semaj Christonekin batera taldearen jokoa antolatuko du, azken asteetan nahiko antzu ibili dena. Horren adierazle da joan zen asteko Euroligako norgehiagokan 60 puntu soilik sartu zituztela arabarrek, Zalgirisen aurkako porrot etsigarrian (60-74).
Bestalde, Izar Gorria Dragan Sakota bere entrenatzailerik gabe joango da Gasteizera, osasun arazo txiki baten ondorioz. Hartara, Andrija Gavrilovic bere laguntzaileak izango du taldea zuzentzeko ardura. Biko jaurtiketetan Euroligako talderik txarrena denak, hiruko marratik okerren dabilenari egingo dio bisita; beraz, punteria estutzea funtsezkoa izan daiteke biek nahi duten garaipena lortzeko.