Baskonia
Endesa Liga
Baskoniak bigarren postua du jokoan eta GBCk, salbazioa
Erredakzioa
Arabako taldeak Valentzia izango du aurkari, eta talde gipuzkoarrak Real Madrilen kontra jokatuko du. Azken jardunaldiko partida guztiak igandean jokatuko dira, 12:30ean.
-
Nevels eta Garino, Endesa Ligako Delteco GBC - Kirolbet Baskonia partidan. Argazkia: EFE
Igande honetan jokatuko da Endesa Ligako azken jardunaldia. Partida guztiak, 12:30ean hasiko dira. Sailkapeneko lehen hiru postuak, playoffetarako hiru txartel, eta mailari eusteko txartel bat egongo dira jokoan.
Mailari eusteko lehian Delteco GBC eta Monbus Obradoiro daude sartuta. Kirolbet Baskoniak, aldiz, ezin du liga lehen postuan amaitu, eta bigarren bukatzea du helburu. Real Madril liderra da, eta Bartzelona hirugarren. Kataluniako taldeak lehen postua eskuratzeko aukerak ditu, Real Madrilek galdu, eta Barçak garaipena lortzen badu.
Iberostar Tenerife, Divina Seguros Joventut, Baxi Manresa, Tecnyconta Zaragoza eta MoraBanc Andorra taldeen artean erabakiko da, zein hiru talde sailkatuko diren playoffera.
Delteco GBCk miraria behar du
Cafes Candelas Breogan jaitsita dago jada, eta beste talde batek maila galduko du. Delteco GBCk garaipena behar du Real Madrilen aurka, etxean, Monbus Obradoirok Bartzelonaren aurka galtzea, eta Estudiantes Joventuti irabaztea. Bestelako edozein emaitzak, maila galaraziko dio talde gipuzkoarrari.
Bigarren postua, Baskoniaren helburua
Kirolbet Baskoniak Valentzia izango du aurkari Fontetan. Arabako taldeak nahikoa du garaipena lortzearekin, bigarren postua ziurtatzeko. Porrota jasoz gero, Bartzelonak Monbusen aurka galtzea beharko luke bigarren izateko.