Baskonia
Euroliga
Garaipenak eskuetatik ihes egin dio Baskoniari (85-84)
Erredakzioa
Lokomotivek partida bukatzeko sei segundoren faltan irauli du markagailua Simonen hiruko ikusgarri batekin, eta Walter Hodgek ez du asmatu azkenengo jaurtiketan.
Laboral Kutxa Baskoniak porrot mingarria jaso du Lokomotiven kontra (85-84). Scarioloren gizonak markagailuan goitik izan dira ia azkenengo laurden osoan, baina Simonek hiruko erabakigarria lortu du, bukaerarako sei segundoren faltan. Hodgek norgehiagoka erabakitzeko jaurtiketa egin du, baina Baskoniako jokalariak ez du saskiratzea lortu.
Errusiako taldea nagusi izan da aurreneko laurdenean, defentsan oso sendo jokatu baitu, eta Williamsek eta Brownek puntu garrantzitsuak lortu dituzte kontraerasoan (15-7). Milko Bjelicak Lokomotiven bolada onari amaiera eman dio (17-9), baina Krasnodarreko taldeak aise agindu du (21-13).
Bigarren laurdenean Errusiako taldeak erasoan sakatu egin du, eta 12 puntuko alde garrantzitsua lortu du (30-18). Walter Hodgek hiruko ikusgarria eskuratu du 30-24koa jartzeko, eta antolatzaileak beste saskiratze ikusgarri bat lortu du (30-29). Pleissek partida berdintzeko saskiratzea egin du, eta Heurtelek 40-42koa jarri du atsedenaldira heldu aurretik.
Atsedenaldiaren ostean Laboral Kutxak ondo jokatu du erasoan, eta zazpi puntuko alde garrantzitsua eskuratu du (40-47). Baskoniak hobeto defendatu du, eta baloia ondo mugitu du erasoan (46-53). Hala ere, Errusiako taldeak defentsan sakatu egin du, berriz ere, eta Kalnietisek markagailua irauli egin du (57-56). Hirugarren laurdena 61-58koarekin bukatu da Krasnodarren.
Nocionik puntu garrantzitsuak eskuratu ditu azknenego laurdenean (65-64), eta Sergio Scarioloren gizonek aurrea hartu dute (65-68). Heurtelek Gasteizko taldearen erasoa gidatu du, eta Laboral Kutxa nagusi izan da kantxan (71-77). Jasaitisek 75-77koa jarri du, baina Milko Bjelicak aldea handitu egin du (75-81). Azkenengo segundoetan Lokomotiv Kubanek gogor sakatu du (82-84), eta Krunoslav Simonek markagailua irauli du, hiruko ikusgarri batekin (85-84). Sei segundoren faltan Walter Hodgek neurketa erabakitzeko jaurtiketa egin du, baina baloia ez da saskian sartu.
Fitxa teknikoa:
85 Lokomotiv Kuban (21+19+19+24): Bykov (4), Williams (13), Brown (23), Jasaitis (4) Hendrix (8)-hasierako bostekoa-, Maric (1), Simon (19), Kalnietis (4), Likhodey (3), Zukhanenko (2), Zubkov (4), Grigoryev.
84 Laboral Kutxa (13+29+16+26): Heurtel (10), Jelinek (6), San Emeterio, Nocioni (15), Pleiss (15)-hasierako bostekoa-, Hodge (12), Bjelica (16), Kaukenas, Kelati (10), Mainoldi.